Maider Galardi

Amets jendea

2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunkarietan, irratian, sare sozialetan… beste izenik ez dut ikusi azken orduotan, seguru asko bi arrazoi nagusigatik. Bata: uste dugun baino erresonantzia txikiagoa dugula sare eta hedabideetan —zeren eta ez The New York Times-ek, ez Le Monde-k, ez The Guardian-ek eta ezta Al Jazeera-k ez dute haren izena web orriko azalean—. Eta bigarrena: nire erresonantzia kaxa txiki honetan, halere, askotariko profiletara iritsi dira haren hitzak.

Horrexegatik, azalekoago edo sakonekoago, pentsatzen jardun naiz jendeak zergatik miresten duen hainbeste Pepe Mujica. Edo hobeto esanda, zergatik dagoen gure erresonantzia kaxa txiki honetan adostasun zabal bat tupamaro ohia loriatzeko. Zeren eta onartuko didazue ez dela oso ohikoa gerrillari ohi batek halako mira piztea —ez bazara Nelson Mandela—. Eta nola da posible orduan? 24 orduotan ikusi ahal izan dudanagatik, hiru dira, erabat politizaturiko profilez aparte, Mujicaren irudiak zabaldu dituztenen ezaugarri nagusiak. Bata: askok ez dakite zein den Mujicaren jatorri eta posizio politikoa. Estetika hutsa dira elkarrizketaren batetik eta testuingururik gabe zabaldutako norberaren ahalduntze pertsonalerako esaldiak, eta tipo jatorra iruditzen zaigu Uruguaiko presidente ohia. Badago beste tipologia bat ere, bigarrena: haren xumetasunak xamurtasuna iradokitzen dion multzo hori. Bere chakra txikian ikusten dugu zoriontsu eta ahazten zaigu hamahiru urte pasatu zituela preso, diktadura bati aurre egin ziola, eta hautu bat izan zela presidente zenean bere soldataren %90 dohaintzan ematea. Eta hiru: bere euskal iraganaz liluratuta dauden horiek —asko entzun eta ikusi dut haren arbasoen baserria Beasain inguruan zegoela—. Eta ados, bakoitzak oroit dezala bere eran, baina ez dezagun ahantzi, Ainhoa Etxaidek Euskadi Irratian esan bezala, pertsona bat «umila» izatea ez dela berez ekarpen bat, baldin eta umiltasun hori botere metaketaren kritika politikoa ez bada. Baina sumatu dut hiru Mujicazale azpitipo horiek partekatzen dutela politikoenekin zerbait: amets jendeak sortzen duen zirrara. Orain amets horiei etorkizun errealak marraztea besterik ez da falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.