Juduen usadioa behar zuen izan antxumearena, auskalo eurek ere nori ikasia, egiptoarrei, batzuek esatera. Guregana heltzerako galdu du mitoak kontakizuna; moldea gelditu zaigu, ordea, eta esanahia.
Hartzen omen zuten bada juduek antxume bat, eta sinbolikoki komunitateatearen pekatuez zamaturik, han bidaltzen ei zuten basamortuan barrena, ezerez gaitz hark erabat irensten zuen arte ahuña hori eta harekin batera jendearen gaizki eginak. Hala lasaitzen zen populua, edozein erru izpitatik garbi, arima purgaturik eta bihotza aratz.
Mitoaren jatorria hobeto ikusten da auzo herrietako hizkuntzetan gurean baino. Chivo expiatorio, diote gazteleraz; bouc émmisaire, frantsesez. Duvoisinek «akher bidalkin» darabil Lebitikoa itzultzen duenan. Gaur egun pagaburu nagusitu da, edo petxero.
Alberto Savinio italiar musikari, margolari eta idazleari irakurria diot, ez egiptoar eta ez judu, azeriei ikasi zietela gizakiek aker bidalkinarena. Umorez dio Saviniok lukiak ez duela pekaturik, baina bai zorririk. Eta emateko begia nola kentzen dituen aldetik. Sartzen dela uretan belarrez egindako pilota bat duela ahoan, hankak aurrena, bizkarra ostean, eta apopiloak gero eta larriago. Azkenik burua urperatzen duenean, hagin artean daraman tropoiloan baino ez dute aurkitzen zorriok ez itotzeko modua. Halaxe fueratzen ditu.
Neuk ere nola ez dakidala batu zaizkit lerrootan antxumeen, azerien eta zorrien mentura hauek, agian besterik ez dabilelako bazterretan, ozenegiak direlako lasaitze deiak, pagaburua basamortuan barrena doala eta zorriak belar-pilotan, segi dezagun sisteman sinesten, kexak kexa, ez baitago hoberik.
Etxauriko frontoian oraintsu arte egon da pintada txapapean: «Otegi, pagano de esta PUTA demokracia». Egun batean, elearen gordinak izututa, moldatzen hasi eta ezin poetago, itu-ituan jo zuen norbaitek: «Otegi, pagano de esta ROTA democracia».

LARREPETIT
Antxume bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu