Gipuzkoa 1766ko apirilean asaldatu zuen matxinadak herri xehearen beharrak nahi izan zituen paperera pasatu. Alearen prezioa jaistea izan zen aurrena, neurriei buruzko eskaerekin batera. Azkoiti-Azpeitietatik aldirietara zabaldu zenerako, beste kezka batzuk azalera. Eta hala, hau erantsi zioten Deban: «Elizgizonen bat ahultasunaren bekatuan harrapatzen bada, hirugarrengoan jende aurrean irendu dezatela».
Zikiratu zein, eta apaiz jendea. Zergatik, eta lexikoa erabiltzaileei ostuta, «ahultasun bekatuan erortzeagatik». Zer pentsatua ematen duen lege matxinoa, inondik ere. Batetik, nolakoa ote zen giroa horrelako lege baten premia aldarrikatzeko. Gizartearen logika patriarkala, alegia, utzi bakean gure andreak; baina emakumeak 1766ko gertaeretan izan zuen zeregin aktiboak beste zerbaitetarako bide ere ematen duena: elizgizonak berak ziren aurrenak pulpitotik esandakoak ez betetzen. Agintariek ezarri harreman hierarkizatuak ez ezik hauen hipokresia ere salatzen zuten kapitulazioek. Matxinada hori ere izan baitzen, giro itogarriaren kontrako inaute handi bat.
Zer aldatu da muinean, baina, bi mende eta erdi honetan? Apaiz ehiztarien biktimak haurrak izateak aregotu egin du seguruenik orduko ingira, amorrua eta hasierako ustea, baina orduko indarra falta. Elizgizonak protagonista dituzten milaka pederastia kasuak Poloniatik Mexikora eta New Yorketik Dublinera daude zabalduta. Nazio Batuen Erakundeak otsailean eskatu zion Vatikanoari pedofiloak entregatzeko eta haurren eskubideak babesteko. Historiaren labadoran inpunitatea nagusitu da, ordea. Ikusi dugu. Artzapezpikuak babestuta, aste honetan bertan izenak jende aurrean gabe eta kalean geratu dira Granadan gaztetxekoekin ustez orgiak antolatu izan dituztenak.
Deban zer gertatu zen, badakigu. Legea indarrean jarri eta astebetera heldu ziren gizon armatuak, Erregearen legea ezarri eta Jainkoaren zentzua ekartzera.

LARREPETIT
Apaizak hobeto
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu