Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Arbolari eskerrak

2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bazkalaitzineko azken jaitsiera zen. Bihurgunea ez zen besteak baino zailagoa, baina izotz plaka, gorderik, nire zain zegoen.

Lerratu eta hortxe abiatu naiz amildegian behera, xoria bezala, arbolen gainetik hegaz. Baina elefanteek ez dute hegan egiten, eta guk ere ez. «Arbolarik ez! Arbolarik ez!», oihukatu dut nire baitan, geroz eta abiada handiagoa hartzen ari nintzela ikusirik... Baina krak!!! Arbola baten enborra bete-betean jo dut, bizkarrarekin, eta kolpez lurreratu nau. Hau mina, ezin dut arnasarik hartu.

... ... ... Hatsa itzuli zait azkenean... Bizirik nago! Eskuko hatzak mugi ditzaket, oinetako behatzak ere bai. Ez naiz tetraplegiko geldituko gutienez. 10 metroko erorikoa egin dut, baina behera begiratu eta eskerrak arbolak gelditu nauela pentsatu dut, bestela kolpea handiagoa izanen zen 10 edo 20 metro beherago. Eskerrak ere arbolaren adar zorrotzak bestaldera begira ziren...

Bakarrik nago. Gora begiratu, eta ez da nehor ageri. Inork ez nau ikusi erortzen. Beso bat ezin dut mugitu, baina ez badut ahalegina egiten, bertan geldituko naiz. Lau pataka, minez, emeki-emeki hainbat aldiz lerratu ondoren, lortu dut pistara itzultzea. Gizon batek laguntza eskaini dit, bere haurren begirada beldurtuaren pean. Eskiak jantzi eta ahal bezala jautsi naiz pista beheraino. Lagunak topatu ditut, «bizirik nago» erran diet, eta hori erran bezain laster alditxartu naiz...

Sorosleak etorri dira, lepoa eta bizkarra immobilizatu, eta hortxe eraman naute teleaulki batetik bestera eta arroltzeetan behera anbulantziaraino. Istripua izan eta hiru ordura heldu gara Paueko erietxera. Zorionez, ez omen dut hezurrik hautsi. Aste baten buruan ikusiko noraino heltzen diren kalteak. Ea bizkarra burua bezain gogorra dudan.

Asteburu honetan eskiatzera bazoaz, ibiliki emeki, eta hartu asurantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.