Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Arma, tiro eta pum

2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Hogei urteko Kaylin Gillis-en heriotza izan zen lehenengoa. Berez, ez zen lehendabizikoa izan, baina erne egotera eraman ninduena bai, bera izan zen. New Yorkeko estatuan lagun batzuekin autoan zihoan beste adiskide baten etxera. Bidean, baina, okertu eta etxebizitza pribatu bateko bidean sartu ziren. Jabetu zirenean atzera egiten hasi ziren, baina ordurako etxeko jabeak eskuetan zuen tiro egiteko arma. Eta arma, tiro eta pum. Kaylin Gillis hil zen bizitzari eutsi ezinean. Orduan jakin nuen Kansas Cityn jazotakoa: 16 urteko Ralph Yarl, afroamerikarra, anaia txikien bila joan zen, baina kalearen izena txarto apuntaturik zuen eta anaiak egongo ziren etxeko txirrina jo zuenean gizon zuri bat arma eskuetan agertu zen. Eta arma, tiro, pum. Ralph Yarl, ordea, bizirik dago. Egun batzuk geroago hirugarren albisteak ere antzerako istorioa zekarren. Texas-eko herri batean, Payton Washington eta Heather Roth gazteak supermerkatu batean erosi ostean autora joan eta, nonbait, eurena ez zena zabaldu zuten. Okerrak zuzentzeko astirik ere ez zuten izan: barruan zegoen jabeak (25 urteko gizonezkoa) atoan erantzun zien. Arma, tiro eta pum. Zauritu baino ez zituen egin. Irakurri dudan azkenengoak 6 urteko Kinsley White-na da. Saskibaloian jolasten ari ziren eta baloia joan egin zitzaien, inguruko etxe bateko lorategira. 24 urteko etxeko jabeak, bai, asmatu duzu, arma, tiro eta pum.

Txundituta nauka honek denak. Ziurrenen gauza asko nahastuko dira hemen: beldur asko, eta beharbada armen banalizazioa ere bai. 2020-2022 tartean estatubatuarrek 60 miloi arma erosi zituzten. Milaka kilometrora urrun ikusten da hau dena, ezinezkoa Europan. Bada oraindik AEB paradisua dela pentsatzen duenik? Daniel Markovits filosofo eta ekonomilaria da, eta Yale-ko Unibertsitatean eskolak ematen ditu. Eta AEB ondo ikertu izanak ematen dion jakituriarekin argi esaten du: «Amerikar ametsa fartsa hutsa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.