Iñigo Aranbarri.
Larrepetit

Aro modernoak

2013ko urriaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aita familiako sotil bat paraje laiotzean. Parean, munduko armada gaiztoena bere zerbitzu sekretu, batailoi, trepeta eta kontzentrazio-esparruekin. Armekin ezin bada, buruari eragin behar. Axeriko da elefante aldra baten kontra. Maite ditu zinemak heroi apalak.

Canfranceko erregea du izena filmak, halaxe zeritzolako Albert Le Layri, Canfranceko nazioarteko tren geltokiko aduanaburu bretoiari. Bigarren Mundu Gerra. Mugaren bi aldeen artean, wolframioa, urrea eta edozer batetik bestera. Espainia biltegi handia zen nazientzat. Eta zulo txiki bat Canfranc Frantzia okupatuan. Hortitxik pasatzen zituen Le Layk errenteriara heltzea lortzen zuten iheslariak, juduak asko. Zinemak zinemari keinu eginda orain Pirinioetako Schindler ere deitzen duten gizona Donibane Lohizunen hil zen, bertan zela erretreta hartuta.

Ohitua dago ikuslea barrenak inarrosiko dizkion biografietara. Bestela, proiekzio aretotik kanpo, eguneroko txaplanean dena da grisagoa, ilunagoa, motelagoa. Gerran eta gerraostean, areago. Bizi beharra esaten diogun horrek nabarmen ez ibiltzera behartzen gaitu. Ez zaitzatela begitan hartu. Zabiltzala gerizpetatik. Horra gehiengo isilak emango dizun aurreneko aholkua.

Eta orain, denboragarrenera, historiaren adabegietatik Schindler, Le Lay eta auskalo zein heroi bakarti proiektatzen zaizkigularik gure gristasunaren zeru gainean, beldurrak, edota besterik gabe, eguneroko martxak morroitutako guztiak datozkit ezinbestean giza antzoki honetara. Eta nola ez, besteak, sistemaren benetako behargin isilak, borondate oneko colaboak zein eskarmentua hasterako Sanchez-Ostizek erakusten dituen horiek guztiak, auzokoen izenak ematen borreroei, kamio bazterrak eta kartzela zuloak ezagunez, lankidez eta mendeku zaharrez bete daitezen.

Agian egia da, zineman bezala, denok behar dugula iragan edertu bat bizitzen segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.