Hedoi Etxarte

Aroztegia eta erromantikoen izpiritua

2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Halako batean inolako zerikusirik ez zuten bi kontu gurutzatu zitzaizkidan. Batetik, irudipena Auñamendien bi aldeetan ari direla gogor, ustez eskuin muturrari aurre egiten ari diren bi gobernu (Espainiakoa eta Frantziakoa) ari direla, krisi ekologiko gero eta larriagoa datorrenean, proiektu ekozidei aurre egiten dietenen kontra: berdin Les Soulèvements de la Terre ala Futuro Vegetaleko militanteak zigortzen. Baina berdin Euskal Herrian ere, geometria aldakorrez, enpresa, epaitegi, aldundi, parlamentuen gehien oso, Aroztegia defendatu dutenen aurka, Guggenheimen sarrasiaren alde Urdaibain, mendiak suntsitu eta lautadak antzutzeko planekin Araban eta Gipuzkoan.

Bestetik, Rüdiger Safranskiren erromantizismoari bruzko liburuko pasarte hau: «Luzaroan erromantikoek literatura, alegia imajinarioa, bizitzaren eduki nagusi bilakatu zuten. Baina ez zuten ameslari izan nahi, ez zituzten soilik amets etereoaren erreinuan egin nahi haien konkistak. Bereziki, bizitza aldatu nahi zuten, beren buruarengandik hasita, gero aldaketa hura haien lagunengana zabaltzeko, irakurleengana gero, eta, azkenik, erabat edukatutako nazioarengana. Erromantikoen zirkuluetan ere bizi-bizirik zegoen iraultzaren izpiritua».

Harrigarria iruditu zait ze neurrira arte eta ze militanteki egiten duten luxuzko hotelen, haize-erroten, abiadura handiko trenen, autobide erraldoien, aireportuen aldeko ofentsiba, elikagaiak ekar ditzaketen lurren gainetik, tokian tokiko jendearen gainetik kapitalaren dinamikak defendatzen dituztenek. Eta zeinen ahul garen gainontzeko guztiak, ez ote dugun etsi, nola etxekotu gaituzten gure politika egiteko moduetan, horregatik, elkartasunaz gain, miresmen osoa kapitalaren makinaren aurrean gorputza jarri dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.