Julio Soto.
LARREPETIT

Arren

2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hilabeteak neramatzan urduri, ezinegonez; ibilbidea aurkeztu zutenetik saltoka hasteko irrikan. Oso gogorra egiten baitzait bi urteko itxaronaldia, oso bakarrik igarotzen baitut igande gau batez armairuan sartu eta berriz ere ateratzen nauzuen arteko denbora hila. Krudela zait, aste eta erdiko zorion perfektuaren ondoren, irribarre egiteko imintzio txikienari ere uko egin behar izatea. Batzuetan haserretu ere egiten naiz.

Herriz herri hasi baino egun batzuk lehenago ateratzen nauzue itzaletik, goxo-goxo. Tentu handiz ipintzen didazue eskua gainean, hauskorra ez, baina oso sentibera naizela jakitun. Magal batean hartzen dut atseden trapu heze batez garbitzen nauzuen bitartean, gora eta behera, gora eta behera. Beti esaten dizkit gauza politak trapua irristatzen didan eskuak; asko akordatu dela nitaz, bazuela ni besarkatzeko gogoa... Maitasunez igurzten nau.

Kiribilean bildutako paper zati bihozdun bat sartu didazue aurten ere barrura. Beti izaten da berria, baina elkar ezagutzen ez badugu ere, berehala egiten gara elkarren lagun min. Dagoeneko igaro ditugu egun batzuk elkarrekin, eta benetan dira ederrak esaten dituen hitzak.

Ahaztezina izan zen Urepelekoa, hunkigarria benetan. Autotik atera eta hainbeste euskahaldun plazan, hainbeste maitasun niganako. Nik ere bihotzez maite zaituztet. Hartu ninduzuen lehen bi eskuak urduri sumatu zintuztedan, dardarati, neroni nengoen bezalaxe. Maitekiro eraman ninduzuen beste esku urduri batek goxotasunez jaso eta kilometroko besarkada bat eman zidanean.

Egunotan, munduko lekukorik zoriontsuena naiz, munduko hizkuntzarik ederrena, eskertuena. Baina arren, igande gauean ez nazazue bakarrik utzi. Ez nazazue beste behin ere armairu hotz horretan sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.