Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Arrosadiko gau-hontza

2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken urteotan lotsa klase berri bat sentitzen hasi naiz. Izan da ni jaio eta bizi naizen eskualdeko txoko nabarmen baina ezezagun bat deskubritzen dudanean. Alegia. Nola zen posible, hain azalera txikiko eremu batean, nik ezagutzen ez dudan toki bat egotea? Berriki gertatu zait Arrosadian, gure eskola, udal ikastola, zegoen auzoan hain zuzen. Egia da Arrosadiaren mendebaldeaz ari naizela, Zaragoza etorbidearen magalean geratzen den puska horretaz. Halako batean, ezagutzen ez nuen frontoi batekin egin nuen topo, baina deigarriena frontisean zuen gau-hontza izan zen, gure garaiaren aurreko bosgarren mendean edo Grezian agertu zen tetradakmaren irudi ezaguna, Atenearen gau-hontzarena.

Muturreko irudimenaz gogoratu nintzen orduan, Cornelius Castoriadisek XX. mendearen erdia atzean geratu zenean aipatu zuen hartaz: «Gorria ez da oraindik bukatu». Alegia, gau-hontzak adierazten duela berriz ere hasteko aukera bat badela. Ernst Blochen amets gorria lokatzetik, ezinezko lurraldetik berriro eraiki daiteke.

Uda lehertu ezin zen astegun batean ezagutu nuen hainbeste inguratutako frontoian zegoen gau-hontza, eguzkiak jotzen zuen Arrosadiko frontoia. Eta ezin izan nuen ekidin eta gogora etorri zitzaidan topikoa, Hegelena, esaten duena iluntzea hasten denean hasten dela Atenearen gau-hontza hegan. Alegia, filosofiak errealitate bat jadanik itxi denean soilik uler dezakeela. Kontzepzio idealak errealitate osoa ulertutakoan osatzen ahal direla.

Gau-hontza animalia bakartia da, egun osoa zuloan ematen du, eman dezake geldirik dagoenean hilda dagoela, iluntzea iristean hasten da hegan baina bere lumei esker ez da bere hegaldia entzuten, baina, segur aski, gau-hontzaren harrigarriena begiak dira, nola araka dezakeen, zelata dezakeen mundua, nola zaintzen duen eta ikertzen begiradarekin. Grisa grisez margotzen den mundu batean gau-hontzarena da begirada gorrixka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.