Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Atzera egiterik balego…

2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzera egiterik balego, atzera egin nahi nuke halakoetan; atzera egin, eta dolu-egutegitik 2014ko otsailaren 5a desagertzeko ekimenen bat gorpuztu. Aukerarik balego, iraganeko domino fitxetan arakatu nahi nuke, eta fitxa egokiari egin bultza. Historia bestelakotu. Ezer egiterik balego… Urdaileko korapilo-mataza. Bi hari korapiloetatik tira eta tira.

Batean, gertakariaren gordina, oinaze mutua. Bestean, arduraren dardara, egin gabekoek sorturiko galdera-uholdea: egin al nuen neure esku zegoen guztia? Egoeraren larria behar adina adierazi al nuen? Oihukatu al nezakeen ozenago, eta haratago? Herstua korapiloa, askatzen nekeza.

Bat datoz euskal prentsako eta sareko iritzi gehienak —baita euskal politikari gehienen iritziakere—: «zigorra neurriz kanpokoa da, sakabanaketa-politika zentzugabea eta bidegabea da, bizi-baldintzak eramanezinak dira…». Salaketa horiek egiterakoan, gehiengoa konforme. Horretaz jabetzean, urdaileko korapiloak estuagoa. Egoera horien larritasuna ezagun badugu, eta bidegabeak direla iruditzen bazaigu, nolatan gero ez da halako larridurarik antzematen gizartean, edo nolatan ez dago tamainako oihurik. Atzera egiterik bagenu… Egin al genuen gure esku zegoen guztia?

Ez, ez dago atzera egiterik. Aurrera egiterik bai, ordea.

Jakiterik balego, jakin nahi nuke ea Juan Mari Atutxak, Y taldeen inguruko diskurtsoa eraikitzen tematu zenak, zer egoeratan izan zuen heriotzaren berri. Jakin nahi nuke gaztea atxilotu zuten ertzainek non eta nola ezagutu zuten albistea; eta epaia ebatsi zuen epailea zertan zen. Eta jakin nahi nuke zer sentitu zuten, zer irudi etorri zitzaien burura, nola gogoratzen zuten gaztea. Belarri-zuloetan iragana marmarka izan ote duten. Jakiterik balego, jakin nahi nuke ea buruan kolpeka duten urdaila zulatzen didan zerak: «atzera egiterik balego…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.