Zihara Enbeita.
Larrepetit

Auzoa

2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Auzoa. Gure inguruan lekua bakarrik ez, pertsonak ere izan dira auzoa, (gaur egun auzokoak erabili arren, auzoak erabili ordez). Lotura bat. Metro erdiko terrenoagatik gerra eternala zein norbera laguntzeko komunitate oso baten laguntza. Baina bizimodua bizilekuaren araberakoa izan da. Eta nongoak diren galdetuz gero, kasu askotan herria baino arinago auzoa esango dute askok eta askok (kasu askotan baserriaren edo etxearen izena ere aurretik).

Gaur egun badira oraindik ere bizi handia duten auzoak eta auzo baino herri izaera dutenak. Batzuek euren bide propioa hasi zuten bere garaian, eta badira ere, Igeldo legez, bide beretik doazen beste batzuk ere. Gogoan dut oraindik ere gaztetxo nintzela gure inguruan zelan Arratzu eta Ajangizek lortu zuten desanexioa. Muxikako Ariatza auzoan semaforoak eskatzeko errepidea ixten genuen bitartean, Gernika-Lumoko Errenteria auzoan ere berdin egiten zuten Ajangizen herri izaera aldarrikatzeko (Errenteria azkenean Gernika-Lumon gelditu bazen ere). Ordura arte Gernika-Lumoko parte ziren Ajangiz zein Arratzu. Eta biek ala biek herri izaera horri eusten diote. Baina badira ezelako herri bizitzarik ez duten herri txikiak ere, inguruko herri handiei begira bizi direnak. Lo egiteko leku edo asteburuetarako bizitoki bihurtzen ari direnak apurka-apurka. Eta berdin herri txiki, ertain, handietako auzo zahar zein berri asko ere.

Komertzio txikiak galtzeak eta azpiegitura faltak areagotu egiten dute berez batzuontzat behintzat tristea den egoera. Baina beharbada bertako bizilagunen erdigunerako joera da erantzulea, eta auzo dinamikak dakartza azpiegitura eta komertzio txikiak. Lehenengo oiloa edo arrautza izan, argi dago auzorik izango bada komertzio txiki eta tokian tokiko azpiegiturak behar direla. Eta komertzio txikirik izango bada auzo bizitza beharrezkoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.