Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Azken eguna

2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kutsu baikorra eman nahi izan nion azken eskola egunari eta, urte bukaerako ohiko zerrendak buruan, 2020ko «hamar hoberenak» zerrendatzeko proposamena egin nien. Lana errazte aldera, denetarik sar zezaketela zorroan esan nien: ekitaldiak, anekdotak, liburuak, musikariak, bururatuko zitzaien edozein gauza. Betekizuna zailegi jo zuten ikasleek, eta bostera jaitsi genuen eskatutako pizgarri-pozgarrien kopurua. Batzuek lau idatzi zituzten. Ezkutuko esperantza zapuztuta —eta, zergatik ukatu, ariketaren helburuetako batean huts eginda— inork ez zuen aipatu irakaslearen jakinduriaz eta amultsutasunaz gozatzeko aukera izana. Pikutara baikortasuna.

Ziur naiz ariketa bera proposatu izan banie egungo gobernuburuei, mandatariek ez zuketela zerrenda osatzeko arazorik izanen, gehien-gehienak kudeaketa politikoari lotuak; are gehiago, «hogei hoberenak» zerrendatzeko gaitasuna ere badutela pentsatzen dut. Kontu erraza da: «demokrazia sendotu» bat hemen —errege emerituak Arabiar penintsulatik poztasunez baieztatuko lukeena—, «nazioarteko kooperazio» bat hor —baina ezkutatu kontinenteen arteko ibilbidean hildako etorkinen zifrak eta telebista itzalita errefuxiatuen kanpamentuen irudiak agertzen direnean—, «inbertsio publikoa» aipatzea ezinbestekoa da —arranopola, ikasgelako ordenagailuaren mikrofonoa konponduko dute!— eta ahaztu gabe «justizia» —Bateraguneko kideek, Kataluniako preso politikoek eta, beste arlo batean, Nafarroako euskaltzaleek arreta handiz irakurriko luketena— eta «krisialdiaren kudeaketa akasgabea» —tamalez, hainbat lagunek ezin izanen lukete lorpenaren berririk izan— letra larriz eta lodiz nabarmentzea.

Pijama jantzita biziko ditut aurtengo azken uneak eta heldu den urteko hasierakoak, eta uste dut 2021erako asmo onak zerrendatzen hasiko naizela: lehenengoa, ikasleek irakaslearen jakinduria eta amultsutasuna behar bezala baloratzen ikas dezatela; bigarrena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.