Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bakarrak ez izatea

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Joan da negua, igaro berri dira zozomikoteak eta hemen da apirila, behar ez zuen hila. Eta apirilean, loraldiaren esperoan gaudela, tartetxo bat oroimenerako. Luze gabe helduko da Gernikako bonbardaketaren urteurrena: Picasso, Steer, Lauaxeta eta, urteak joan urteak etorri, historiaren zabortegitik erauzi nahi ditugun horiek. Eta nolanahi ere, diogu: «zibilen kontrako lehen bonbardaketa». Berriki zuzentzen ikasi dugun arte: Picassorik izan ez duelako, baina Durango izan zen aurrena. Eta atoan: gezurra! Otxandio izan zen lehen Gernika!

Citius, altius, fortius. Aurrenak Altxerriko leizean artea sortzen. Aurrenak Ameriketara heltzen, Coloni bide erakusle. Aurrenak faxismoak bonbardatuak izaten. Zertan ez gara aurrenak izan herri honetan Guinness liburua asmatzerako.

Denbora behar da denerako. Denbora ikasteko badirela mila koba margotu munduan, ez garela itsasoan ibili garen bakarrak, eta gu baino lehen ere, izan zela airetiko erasorik jende xehearen kontra. 1923ko uztailean, Otxandioko bonbardaketa baino hamahiru urte lehenago, Annualeko hondamendiagatik hartu nahi izan zuen mendeku Espainia kolonialak, Arrifen. 1.680 bonba ere bota ziren egun bakar batean, eta lurra kiskali zuen iperitak, iturburuak kutsatu, hildakoak ito. Teknikari militar alemanak izan zituen laguntzaile lehergaien ekoizpenean. Eta Otxandion, Durangon eta Gernikan legez, azoka egunak aukeratu ziren erasorako.

Lurralde matxinoetako herritarrak plazetara biltzen diren egunak aprobetxatu, alemaniar armadaren laguntza txikizioa eraginkorragoa izan dadin... nekez sinesten ahal da kasualitatean. Han esperimentatutakoa hemen zorroztea, horra egin zena, ezen biktimen izenak beste batzuk izan baziren ere, berak izan ziren biktimarioak Arrifen zein Bizkaian.

Eta apirilak zikintzen gaituela, hori du alde kasualitatean ez sinesteak. Ez gaude bakarrik munduan. Ezta Aberri Egun batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.