Maider Galardi

Balkoi honetatik

2025eko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balkoi honetatik begira egon dira nire izebak, amona, birramona eta birbirramona. Balkoi honi begiratzen dio behetik herriko plazatik pasatzen den orok. Ez nintzen hortaz jabetu balkoi hau habitatzen hasi naizen arte. Pareko kafetegian egunero meriendatxoa egiten duten señorek balkoikoak ezizena jarri digute. «Badakizu nor den hau?», esaten dio batak besteari erosketak egiten topatu garenean. «Balkoikoa», egiten dute irri haien artean. Grazia egiten die laurogei zentimetro eskas dituen eremu batean jateko kapaz izateak. Esaten digute napolitana bat igoko digutela polea batekin postrerako. Amonak ez zuen txirrikarik, baina txipironera erabiltzen zuen kalera eroritako arropa jasotzeko. Niri jada erori zaizkit pare bat gauza, eta kalean pasatzen denari eskatu diot gora botatzeko. Pareko eraikineko bizilagunarekin ere tratua daukagu, eta erreskatatu dizkiot galtzerdi pare bat eta kuxin baten oihala. Amak eta izebak errieta egin didate aitonak hain ongi zaindutako loreak zimurtuta edukitzeagatik, eta azkenean etsita kendu ditut loreontziak. Herriko antropologo batek esan dit bere eguneroko errutina apur bat aldatu dela; lehen egunero ikusten zuela amona balkoiko kontrabentanak irekitzen eta atea irekitzen egongela egurasteko, eta nik pijametan egiten dut hori, ahazten baitzait orain etxe zati bat kalean dudala. Ez da hain irudi bukolikoa izango, baina bosgarren belaunaldiak segitzen du etxe honetan.

Joan den asteburuan egin genuen etxe-indusketa. Izeba-osabek eraman dituzte altzari eta apaingarriak, baina aurkikuntza bitxiak ere topatu ditugu. 1935eko erosketa oharren agenda bat, jakiteko zenbat balio zuen etxe honen errentak eta ogiak orduan; 36ko gerran frankistek etxea hartu eta euren arrastoa betiko utziko zuen metalezko kaxa bat; 1920ko hamarkadan etxean ostatu hartu zuten jockey-en marrazkiak, amiantoz eginda zeuden lore-potoak, 1970eko hamarkadako eskuz egindako ikurrin bat... Ez zuten mundu bera begiratuko, baina horiek ere begiratuko al zuten balkoi honetatik? Hurrengoan antropologoari esango diot bera ere etxera igotzeko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.