Larrepetit

Bandera gorriak

2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
IInork esango balu dagoeneko ez dagoela ez ezkerrik ez eta eskumarik ere, eskumakoa delako da». Alfonso Guerraren printzipio hori aplikatu izan dut sarri. Baina lagun argentinar batek olgeta interesgarriagoa planteatu zidan. Berak mundu osoko politikarien esaldiak irakurriko zizkidan. Nik eskumari edo ezkerrari zegozkion erantzungo nion. Ondorioa: «Inork esango balu dagoeneko ez dagoela ez ezkerrik ez eta eskumarik ere, boterean dagoelako da». Alegia, publikoaren erreakzioa ikusi arte ez dakigun bezala bertsoa ona den ala ez, boterera heltzen den arte ez dakigu ezkerrekoa nor den eta nor ez. Ezkerraren muinean gizartea aldatzeko nahia dago. Bipartidismoaren fartsan parte hartzen duten guztien leloa, hauteskunde guztietan, guztiak dira aldaketa. Eta jende guztia gauza bat denean, bakar bat ere ez delako da.Aldaketa bai, baina norantz? Ezker klasiko postmarxistari galdetuz gero, Braianen Bizitzaren erreprodukzio fidela egingo dizute, gaur egungo arropekin.Fierki jerarkizatu eta debeku iraultzailez betetako XX. mendeko estatu zentralizatuen nostalgikoek euren 700 ismoez hitz egingo dizute. Eta gainera, batek ere ez du Santutxuko Sorgintxulo gaztetxean otu zitzaien txalapartismoa aipatuko. Gehien motibatzen nauena. Hara ezkerrak, benetako aldaketanahiduenean boterea izateari dion beldurra. Asmatu gabe dagoena asmatu behar du eta sekula egin ez dena egin. Hobeto eta beste era batera.

2011n, nire ezkerreko erreferentzia unibertsalak Atlantikoaren alde honetan daude. Txikiak eta partzialak dira ismoen ondoan. Baina hobeto eta beste era batera dabiltza. Usurbil eta Hernaniko atez atekoa, Igorreko erabakiak hartzeko filosofia publiko eta parte hartzailea, Arbizu eta Aranazko auzo-lanak, Berriotxoaken bazterketa sozialaren aurkako performance bikainak, Langraizko infernuan aingerua den Salhaketa elkartea, Kukutza gaztetxea, Euskal Herriko Laborantza Ganbera… Horiek dira nire bandera gorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.