Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Barkamena

2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da erraza barkamena eskatzea, eta askotan, barkatzea ere zaila izaten da. Zaila izan arren, beharrezkoa izaten da bizitzen jarraitzeko barkamena eskatzen eta barkatzen jakitea. Barkamena eskatzea ez da inposatzen, eta barkatzeko enpatia pittin bat ere behar izaten da. Gure herri honetan asko hitz egin da barkamenari buruz, baina gutxitan lantzen da. Alegia, barkamena lortzeko beharrezkoa den testuingurua eta lanketa ez da bideratzen.

Euskal gatazkari dagokionez, askotan tokatu izan zait bi aldetako biktimekin egotea. Ni ere alde bateko biktima bainaiz. Ondo gogoratzen dut 9 urte nituela, Guardia Zibilen kontrol batean nola tratatu gintuzten, pistola eta metraileten punta buruaren kontra jarrita, negar egiten genuen bitartean, gure aita askatu nahi ez genuelako. Ez dut inoiz ahaztuko armen gertutasuna, ezta gizon arrotz horien hoztasuna eta krudelkeria ere. Denborarekin ikasi izan dut bestearen mina ikusten eta ulertzen. Hortaz, ETAk aita erail dion pertsona bat gertu eduki izan dudanean, haren mina ulertu izan dut.

Aurrekoan, torturen kontrako ekitaldi batean norbaiti entzun nion esaten torturatutakoek aitortza behar dutela. Hau da, tortura hori existitu delako aitortza behar da. Ordea, beste egune batean ETAren biktima den pertsona bati entzun nion esaten: hemen ez dela gudarik egon, batzuen eromena izan dela. Nik bere mina uler dezaket, baina ezin dudana ulertu da gatazka bera ukatzea. Ez zait gustatzen, gainera, barkamena besteei eskatzea, eta lortzen dutenean garrantzia kentzea. Nik uste dut herri honetan barkamena jende askok eskatu behar duela, alde guztietako pertsonek eta instituzioek. Horretaz gain, barkamena eskatu denean eta konponbidea bilatu nahi dela esan denean, beharrezkoa da bestea aintzakotzat hartzea eta barkamena bide bakarrekoa dela ez pentsatzea. Tamalez, herri honetan denek asko sufritu izan dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.