Larrepetit

Basoko umeak

2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Hirian bizi diren umeek ahalik eta denbora gehien eman beharko lukete naturarekin harremanetanĀ». Azken asteotan hirugarrenez entzun dut antzeko esaldiren bat. Natura espazio ideala da umeak mugitzeko: ura, sastrakak, lokatza, animaliak... oinarrizko elementuak dira. Hiriko panpina, alfonbra eta asfaltaturiko kale edo patioak, aldiz, haien ordezko makurrak. Hauekin ere biziraun daiteke, baina ez genuke harritu behar gure seme-alaba kaletarrei zenbait gaitasun sozial oinarrizko falta bazaizkie...

Baso-haurtzaindegi direlakoak modan daude. Hiriko aretoren batean elkartu eta autobusez basora eramaten dituzte hiriko umeak, haien mugimendu eta ikerle-grinari atsegin emateko. Basoan, nahi beste zarata egin dezakete eta, aldi berean, isiltasunaren handitasuna sentitu. Natura biziz, sentimenak fintzen dituzte. Jolasteko basora bidaiatzen duten umeak orekatuagoak, trebeagoak eta osasuntsuagoak dira; hori gutxi balitz bezala, erasorako joera txikiagoa erakusten dute. Aire freskoarekin hornitzearen abantailak denak.

Baso-haurtzaindegietako jarraitzaile diren abangoardistek, esan, ez dute esaten, baina bati kezka sortzen zaio haien diskurtsoa entzutean: guraso txarrak ote gara hirian bizi eta umeak egunero basoko jolas-parke hezigabera eramaten ez ditugunok? Guraso-lana gaizki egiteko arrazoiak egunetik egunera areagotzen dira... Bestalde, hiriguneetako ume guztiek egunero inguru naturaletara emigratuko balute, ez dakit denentzako leku nahikorik izango luketen. Edo atsekabetuta biziko lirateke etxera bueltatu eta buru gainean sabaia sumatzean? Gurasoak gorrotatuko lituzkete eguna askatasunean bizi ondoren zementu artera itzultzera behartzeagatik?

Azken predikariari so, begirada bere perlazko belarritakoetan finkatuta, mihia haginkatu dut pentsatzen dudana ez esateko: hiria maltzurra bada, zergatik ez zoaz landara bizitzera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.