Gauza handia da beldurra. Eta handiagoa honen kudeaketa.Beldurraren gestioa dela munduko ekonomiaren zutabeetarik bat, ez da berria ere. Beste hainbat gauzaren artean, hori erakusten saiatu zen Michael Moore Bowling for Columbine hartan, Mayflower ontzian heldu ziren pilgrims haien sasoitik ekinda nola den Ameriketako Estatu Batuetako populazioa beldurrean hezitako gizartea, eta hasi coltekin eta Erriflearen klubekoekin segi, nola bihurtu duten atzerri politika guztia izuaren inguruan mamituriko ideologia prebentibo kolonialistaren gorespena, gizabanakoak erraietaraino hartuak dituena. Eta esan gabe doa, arma industrien esku-zarta etengabea duena soinu-banda.
Beldurra librea da, esan ohi da. Ez dut dudarik. Dudarik ez dudan bezala ahalegin handiak egiten direla libreagoa izan dadin. Eta inbaditu, lepamoztu, bortxatu eta etxea, lana, hizkuntza eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentako diruak ostuko dizkigun atzerritarra urrun bada, saiatuko zaizkigu harenak behar luketen gaitzak etxean ditugula ohartarazten. Ebolak ez baitu izurik eragiten Afrikan errendintzen den bitartean, nahiz eta milaka lagun hil egunean. Madrilgo ospitale bateko erizaina gaixotzen denean idazten du jendeak Twitterren #VamosAMorirTodos. Ahaztu ebola, jarri behi eroen gaitza, edo hegazti gripea edo nik dakita zer. Milaka eta milaka txerto denok hil behar gintuen A gripetik babesteko, Patarroyo doktorea ez zen norbaitek gure osasun arduradunei saltzea lortu zuena eta orain jakizu nongo biltegitan ozpintzen daudenak.
Hori dauka beldurrak, pribatutik beste duela kolektibotik. Hazi egiten dela, geuk ere jaten emanda ia beti. Ikuspegi globalago bat izaten laguntzen ez diguna, mugak oso garbi markatzen dituena, identitarioa ere badena.
Eta ni hau guztia ahaztearen beldur naiz beldurrak lotzen nauenean.

LARREPETIT
Beldur naiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu