Ander Perez Argote

Beldurraren kontra

2023ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Tarteka komeni da gogoraraztea UPN, ezeren alde baino gehiago, zerbaiten kontra fundatutako alderdia dela. Trantsizio garaian sortu zen, Nafarroa Garaiak, kosta ahala kosta, Hegoaldeko beste euskal lurraldeekin bat egin zezan ekiditeko. Horretarako, Espainiar Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra ezabatzea bihurtu du bere politikaren muin. Hala, euskalduntasuna Nafarroan arrotz den ideia eraiki du urteetan, abertzale eta euskaltzaleak sistematikoki baztertuz, eta euskaldunon balizko etorreraren aurrean —etorri, nondik?— beldurra zabalduz, trukean boterea pilatzeko.

Atzoko egunak ez zuen paradigma hori behin betiko zartatuko, baina pitzadura berri bat eragin bai. EH Bilduk Iruñeko alkatetza hartu du, eta horri lurraldean dauzkan beste 40 udalak edota NUFK-eko lehendakaritza gehituta, inoizko botere instituzional handiena dago ezkerreko abertzaleen eskuetan. Baina, herrialdeko boto banaketari begiratzen bazaio behintzat, abertzaletasuna gutxiengoan dago oraindik Nafarroan. Eta hori neurri batean UPNren konstruktoari leporatzen ahal bazaio, logikoa litzateke orduan, egungo posizioa baliatuta, hamarkadetan zizelkatutako beldurraren kontrakoa izatea aurrerantzean EH Bilduren bataila nagusia. Politika egin, arketipoak erortzeko. Auskalo zer bide berri ireki daitezkeen eskema mentalak behin aldatuta.

Eta ez da erronka makala, helburu hori lortzeko, moderazio gatzgabe ia antipolitikoan erortzea saihestu nahi bada behintzat —ezer ez egin alegia, inor ez izutzeko—. Edota, beste era batera esanda, herritarrek beldurra galtzea nahi bada, baina boteretsuak beldurrez mantenduta, eta haien pribilegioak arriskuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.