Gaur hasiko da Iruñeko Harresien I. Hipika Sariketa Nagusia. Maia alkatearen asmoaren berri izan nuenean, koadrigen irudiak berehala etorri zitzaizkidan burura. Gazte lerdenak irudikatu nituen gurdien gainean, gihar izerdituak ederki tenkaturik bridetatik tiraka; lehiakideek elkarri oparitutako zartaden hotsak aditu nituen istant batez, bozgorailuetatik animatzailearen garrasiak plebearen instintu basatia pizten ari zirela; eta, ororen jabe, Maia enperadorea ikusi nuen, tribunako triklinioan —zuek ere bila ezazue hitza hiztegian— etzanda, hiritarrekin batera ikuskizunaz gozatzen. Atx, irudimena! Gerora jakin dut Iruñeko Udalak antolatutako jarduera lotuago dagoela pamelekin togekin baino, eta Iruñeko Ziudadela gertuago Ascoteko hipodromotik zirku erromatarretatik baino. Erruz saiatuta ere, ezin dut Maia irudikatu Elizabeth II.a Erresuma Batukoaren paperean.
Zein izan zen jarduera berritzailearen abiapuntua? Zer irizpide hartu zituen kontuan udal-gobernuak zaldi lehiaketa egiteko erabakia hartu zuenean? Baten batek maltzurkeriaz pentsa lezake UPNko zinegotzi eta parlamentari ohi baten enpresak jarduera egiteko eskaera egin izanak baduela zerikusia erabakian. Edo bestela, behin gaizki pentsatzen hasita, Iruñeko Udalaren Hirigintza alorreko egungo zinegotzia izan zitekeela inspirazio iturria, alderdi eskuindarraren ordezkaria Nafarroako Hipika Federazioko zuzendaritza-batzordeko kidea baita. Iruñean bide gorriak zabaltzeko proiektua Ipar Koreako liderraren —Txin-Pon-Txiren, zinegotziaren hitzetan— nagusikeriarekin parekatu zuen gizon bera. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, zinegotziak eraginkorrago jotzen du zaldi gainean ibiltzea bizikletaz baino.
Udalak ez du oraindik jakinarazi zertan eta nola erabiliko duen ikuskizunerako esleitutako dirua. Ben-Hurrek bere lasterka irabazi zuen, ez daitezela iruindarrak galtzaile atera oraingo honetatik.

LARREPETIT
Ben-Hur Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak