Kristin Ross-ek Luxu komunala liburuan azaltzen du, sarritan uste denaren kontra, ekintzak direla ametsak eta ideiak sortzen dituztenak, eta ez aldrebes. Henri Lefebvreren esaldi bat omen da horren oinarria: mugimendu sozialen ideiak mugimenduaren beraren ostean jaiotzen direla. Alegia, lehenengo datorrela bizipena, eta gero sorkuntza. Sorkuntza mugimenduaren gehiegizko energiak ernaltzen duela.
Duela urte batzuk «bietan jarrai» zer zen galdetu nien politikarekiko pasioa zuten gertuko hiru laguni. Hiru erantzun ezberdin jaso nituen. Batentzat «Bietan jarrai» zen ETA erakundeak erabili zuen lema. Politikan eta borroka armatuan segitzea zen bietan jarraitzea. Bigarrenarentzat, independentzian eta sozialismoan borrokatzea. Hirugarrenak esan zidan «aizkorarekin eta sugearekin jarraitzea» zela bietan aritzea. Esan nahi zuena esan nahi zuela. Lema hark dualitate eder bat marrazten du gaur egun ere. Oro har, mugimendu iraultzaileek hirutasunak marraztu dituzte, ala «dena eman behar da ezdakitzerengatik». Uste dut «bietan jarrai» birzikla daitekeela. ETAren azierto eta akatsetatik aparte. Norberak ETAz egiten duen irakurketatik aparte —Aljeriako negoziazioen osteko ETAk, paradoxikoki, zilegitasun sozial handiagoa zuen su-etenetan ekintza armatuak egitean baino—.
Eta zer liratekeen «bietan jarrai» berri horretako poloak? Bada Kristin Rossek eta Alain Badiouk pentsatu dituztenak. Batetik, tokian tokiko lan eta bizi alternatibak eratu: lan kooperatibak, kontsumo kooperatibak, esperientzia kolektibo lokalizatu aberats eta erradikalak, ideologia gutxiago eta praktika gehiago landuko dituzten mugimendu sozialak. Eta bestetik, nazioarteko eztabaidak gizateriaren, alegia komunismoaren, etorkizunari buruz. Batzuk «ekin lokalki eta pentsatu globalki» esaten zioten (eta aldrebes). Hemen esan diezaiokegu «bietan jarrai».

LARREPETIT
«Bietan jarrai» berri baten alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu