Iñigo Aranbarri.

Biharamuna

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Hatsanka irabazi genuen Baionan euskararen kopa handia, horditzeraino ospatu genuen.

Biharamunean, Bayonne ma ville aplikazioa sortu du Herriko Etxeak, hiriari buruzko informazioa emateko. Lekukoa eskuan zuela ibili zen Jean Rene Etxegarai auzapez arrailantak frantses hutsean eman du, ordea. Nahigabea ahazteko, Consumer aldizkaria hartu dut. Talo eginda begiak: «Igaraba-Scoreren egiturak bere horretan dirau». Ez, ez da mustelidoak neurtzeko sistemaz ari. Nutri-tik nutria, hiztegi oro sastegira botatzeko moduko itzulpena egin du beste behin Eroskik. Utikan espantuak! Nork leitzen du ba euskaraz? Telebista piztu dut, fedea nonbait behar eta. Mokoka dabiltza lehendakarigaiak. Mintzatu dira huntaz eta hartaz; hizkuntza ez da, garbi dago, kezka publikoa. Galdera bakar bat ez euskara politikaz. Are gutiago epaileen erasoez. Pasaian, baliogabetu egin dituzte kale-garbitzaile izateko udalak jarritako eskakizunak. Euskara inposatzen ari zarete. B1a eskatzen zen. Erdaldun oso izateaz gain, noski.

Haserre bizitzerik ez dagoenez, poz seguruan babestu naiz, Ibaizabaleko uretan korrika. Javier de Andres PPko hautagaiak arrazoi: «Athletic, Reala eta Baskonia garaile dira ez dutelako euskararik eskatzen bertan jokatzeko». Erdal gangar eta potro-usain artean, ahots bat: «segi euskaraz berba egiten». Ez da futbolaz ari, ez da garaileari dagokion mezua. Badirudi klubak ez duela Etxegarai jaun mera bakarrik utzi nahi izan Korrikaren biharamunean. Beharbada taldekideen jarrera ikusita aldatu behar izan du esateko zeukana. Ikuskizunaz lotsa ez gaitezen, esperantza haritxo bati euts diezaiogun.

Herritik V-z sortua, ez du hizkuntza txapelera kondenatua nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.