Elurrak gabongirotuta, erreguka munduko milioidunenak gobernuei Davosen: ezarri, arren, zerga handiagoa aberastasunari, mundu guztiak izan ditzan zerbitzu hobeak. Soluzioa ez da filantropia, ezta donazio puntualak ere, norbanakoaren asmo onak ezin zuzen dezake-eta egungo desoreka alimaleko hau. Eta horretarako, aberatsoi kendu behar diguzue. Ez naiz ni hau dioena, berak dira, Davoseko bihotz onak. Plusbalioari buruzko galdera oinarrizkorik egin gabe, eskuan dudan latari begiratu behar izan diot, ea zer sartu didaten garagardo txepel honen ordez.
Oscar sarien besteko ikuskizun bihurtzen da urtero Davos garai honetan. Bertan biltzen dira gobernuburu eroak eta artista beroak, enpresari gosetuak eta ekonomialari asetuak. Tartean, baita euskaldunen bat ere. Eta ohi dugun eran, ezin nabarmentzeke pasatu. Hobeki pentsatu behar omen dugu trantsizio energetikoarena. Bota badu bota du, lepora egin dio jauzi Teresa Ribera espainiar ministroak, negazionistaka Josu Jon Imazi.
Negua arintzen digu urtero Davosek. Aberatsen proposamena gogoan, kuxkuxean sartu naiz Imaz buru duen Repsolen irabaziak zenbatekoak izan ziren iaz. Lehen bederatzi hiletan, 2.785 milioi euro. 2022an, 4,13 milioiko soldata besterik ez zuen izan enpresan, jeltzaleen buru zelarik, Lemoatxen nola, jende aurrekoak «Gora Euskadi Askatuta!» aldarrika amaitzen zituen gudariak.
Ezarri zergak aberastasunari! Oraintxe hilabete, atzera egin behar izan zuen Pedro Sanchezen gobernuak, energia-enpresei zerga igoko zietela esan eta, Imazek «beste aukera batzuk» zituztela arrapostua eman eta gero. Tonto jarriz gero atzerrira zihoazela, alegia. Ez zen mehatxua izan. Halaxe mintzo dira bihotz onak.