Iñigo Aranbarri.

Bihotza lirain

2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Ez gaude Weimarko Errepublikan; bonbazian eta bankezian bizi direnek ez dute George Groszen koadroetako txerrapoen jiterik. Lirainak dira, ederrak dira, lirain eta eder duten bezala bihotza. Esan zion Ana Botinek Jesus Calleja telebista-izarrari elkarrekin Groenlandiara joan ziren hartan. Feministatzat jo zuen bere burua, kezkatuta agertu zen berotze globalarekin eta, azak ontzeko, 2012tik bankuek ez zutela inor kalean utzi bota zuen, gorritu gabe. 

Hurrengo asteetan aterako omen da Madrileko burtsara Techô, etxegintza arloko sozietate anonimoa. Helburua, «etxerik gabeko jendearen etxebizitza beharra asetzea». Nola sortu den ere, azaldu dute. Akziodun nagusietarik den Martinez-Cosetino familia «bihotza urratuta» itzuli zen etxera Nijarreko soroetan era irregularrean diharduten langileen bizi-baldintzak ikusita.  Zerbait egin behar zutela erabaki eta sortu zuten Techô. Nekez izen egokiagorik.

Baina inor ez dagoenez hemen dirua galtzeko, lasaitzeko deia inbertsoreei. Dauzkaten etxeak ez dizkiete behar dituztenei utziko, haiei aterpea ematen dieten erakundeei baizik. Merkatuaren preziotik beherako alogerean, baina ziurtatuta hartara diru sarrera,  jakinda administrazioek, filantropoek eta abarrek hornitzen dituztela erakundeok. Gainera, saria: enpresak ez du sozietateen zerga ordaindu beharrik izango. 

«Gehien sufritzen ari diren horiengana heldu nahi dugu» diote, bihotza Groenlandian. Bazkideen artean bankuak daude, aseguru-etxeak eta, nola ez, inmobiliariak.  Azora da hauen artean nagusia, alokairuko etxeetatik fueratuta, Donostian familiak kale gorrian uzten ari den funts kanibal bera. Orain dakigu zergatik: bihotza lirain, etxegabeei eurei laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.