Gizaldiaren garai bakoitzari lotu izan zaio gaixotasun zital bat. Erdi Aroan IzurriteBeltzak eraman zuen Europako populuaren herena. Ume, zahar, andre-gizon. Belarrientzat gogorra egiten da oraindik izurrite hitza. Izango da, agian, dardarkariaren hots indartsuagatik. Ez zen atzean gelditu tuberkulosia. Heriotzari hainbeste lan egitea egokitu zitzaion, non sega zorrotzaile bat kontratatu behar izan zuen. Euskal arrantzaleak zorteko izan ziren balea arrantzatzera Ternuarat egiten zituzten bidaietan. Sagardoa eramaten zuten hemendik, egurrezko kupeletan sarturik. Hark salbatu zituen eskorbutotik. Nonbait, sagarraren zenbait bitaminak gaixotasuna ekiditen zuten. Mundu zabaleko arrantzale asko irentsi zituen itsasoak, gatzak zaildutako begi malko gabedunen gorpu gaixoak.
Arrotz zaizkigu orain Izurrite Beltza, tuberkulosia, eskorbutoa. Arrotz guri. Munduko bazter ahaztuetan bizirik baitiraute antzinako gaixotasun beldurgarrietariko batzuek. Egin zuen medikuntzak aurrera, jakin ziren gaixotasunaren arrazoiak eta txerto magikoak asmatu. Asko, lurralde ahaztuetara iristeko bidean oraindik.
Minbizia. Azkenaldi luze honetan ez da besterik entzuten. Urrutiko hots ziren hasieran. Bizkar gainean zakua, isilpean datorren ebaslearen gisan sartu zaigu etxeko atzeko atetik. Urteetan gora joandakoekin tematu zen lehendabizi; ezin, ordea, odol gazteagoari muzin egin. Asegaitz.
Jatorri ezezaguneko gaitza omen. Radio eta kimioterapia txerto, magikotik gutxi. Nago jatorri ez hain ezezaguneko gaitza behar duela izan. Elikadurak, teknologiek, bizimoduak behar dutela zerikusirik izan. Nago eskaintzen diguten sendabidea negozio errentagarri bat bihurtu zaiela. Zorionez, medikuntza kimikotik kanpoko bide berriak ari dira jorratzen. Ez-jakinduriatik ari naiz hizketan. Intuiziotik. Ez da izaten lagunik txarrena.

Larrepetit
Bizi mina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu