Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Bizirik behar genuen

2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Datorren astelehenean, ekainaren 3an, berrogei urte izanen dira Guardia Zibilak Gladys Del Estal hil zuela, Tuteran eginiko martxa batean; energia nuklearraren kontrako nazioarteko ekintza eguna zen, eta tiro bat jo zioten buruan. Jose Martinez Salas polizia 18 hilabetera zigortu zuten, baina ez zuen kartzelaldi osoa bete; gainera, postuz goratu, eta bi domina eman zizkioten, Urko Apaolazak Larrun gehigarrirako eginiko erreportajean dioenez. Zigorgabetasun eta kondekorazioekin bezala, oroitarriekin ere betiko lepotik burua: ekintzaile donostiarra hil zuten zubian monolitoa jarri orduko kendu egin zuten guardia zibilek, eta haren aldeko plaka txikituta azaldu da maiz.

Jaialdi ekologista ez zen Tuteran halabeharrez antolatu: teknologia nuklearraren arrisku militarra ikusarazi nahi zen, eta Bardeako bonbardaketak salatu. Frankismoko energia planak Arguedasen asmo zuen zentral nuklearrak ez zuen aurrera egin, baina berriki beste hamar urtez luzatu da Bardeako tiro-poligonoaren okupazio hitzarmena. Aspaldi da militar espainolek maniobrak egiten dituztela Nafarroako hegoalde horretan, nahieran, baina ez diogu sekula herri mailako erantzunik eman. Urrun gelditzen baita Bardea, praktikan behin eta berriz gure zazpi lurralde miresgarri horietarik kanpo uzten dugun hego-mutur itxuraz galdutzat emandako horretan. Behin baino gehiagotan pentsatu dut poligonoa demagun Zubietan balego, inplikazio bera sentituko ote zuketen Ebrotik gorako ezkertiar euskaldun jendeok.

Haren hilketa egunarekin bat, urtero gogoratzen dute Gladys Del Estal bai haren biziterria izandakoan bai tiro-poligonoaren kontrako ibilaldian. Igande honetan izanen da Bardearako martxa; beste aukera bat ekintzaile ekologistak aldarrikatzen zuen horren alde egiteko, lurra bizi dadin, herriak erabaki dezan. «Bizirik behar genuen» berriz esan behar ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.