Eskua ematea, diote horretaz asko dakitenek, greziar zaharren garaitik datorren usadioa da. Ez denean negozio bat zarratzeko edo ados zaudela esateko, konfiantza erakusteko erabiltzen dugu, edota adiskidetasuna bestela. Berez, garbiagoa omen zen keinua sorreran. Eskua biluzik eskaintzean, armarik gabe gatozela erakusten diogu aurrekoari, ez gatozela inor zauritzeko asmoz.
Beti dago, ordea, zikin jokatzen duenik. Alberto Sabiniok kontatzen du pasartea, Milanen berak ikusia 1907an. Gaztaina-saltzaile bat kalean, sutondoan. Bi gazte hurreratu zaizkio eta diotso batak, «emaizkidak eskuak». Eta halaxe eskaintzen dizkio biak, era zaharrean. Hala dauzkala saltzailearenak bereen artean estekaturik, laguna atzetik joan eta saltzaileari poltsikoak errekistaturik, egunean irabazitakoa ostu dio. Egun, bostekoa estuegi ematen digutenek sortzen digute aieru beltza, edo esku bat loturik dugunean, bestearekin gure eskumuturrari eusten diotenek. Boterea erakusteko bide ere bada-eta. Hizkuntza, bestalde, harago doa: elkarren etsai dira esku-estutzea eta esku-estua izatea.
Esku-estutze egunak fortunatu zaizkit azkenak. Ez dut negoziorik zarratu eta adostasuna erakutsi beharrik ere, ez dut izan. Beroa emateko estutu didate eta zauriak sendatzeko, bihotzetik bihotzerako zubi. Eta usu, besarkada etorri da aurretik, edo ondoren bestela. Eta musuak lagungarri. Gertuenekin, eskuak askatuta ere, jolasean jarraitu dute atzamarrek sarritan. Daukatena baino gehiago dakarte beti eskuek.
Etxera helduta, Wislawa Szymborskaren poema batean labaindu zaizkit begiak: «Gure gerra-harrapakina munduaren jakintza da: hain handia non esku-estutze batean sartzen den».