Iñigo Aranbarri.

Burukadaren argia

2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakinduria berez ez datorrela jakitun, santuaren harrizko irudiari burukadak emanez amaitu ohi zuten, galarazi zuten arte, erromesek bidea Compostelan. Kolpez kolpe transmititzen zien hala Jaun Done Jakuek berez ez zuten argia ibiltari dohakabeei Aintzaren Atarian.

Handik ez apartean, Alamedako arbolapean, bada irudi koloretsu bat. Emakume bi dira, tamaina naturalean eginak, tentazio handiegia euren ondoan argazkirik ez ateratzeko.

Maruxa eta Coralia Fandiño ahizpak dira, sano ezagunak biak Francoren diktadura garaiko ikasle giroan-eta. Haiei keinuka, makilaje nabarmenez eta kolore biziz jantzirik, egunero ateratzen ziren paseatzera ordu bi-ordu bietan Alde Zaharreko karrika artean. Ahoz aho zebilen ahizpa bien istorioa: familia anarkista bateko kide, atxilotuak izan ohi ziren behin eta birritan, biluztuak, hilduraraino umiliatuak eta torturatuak ihesi zebiltzan senideak non gordetzen ziren aitor zezaten.

Putak eta eroak batzuentzat, errepresioak xehatutako biktimak ziren laguntzen zietentzat. Estrafalarioak, lotsagabeak, emakume batek frankismopean izan behar ez zuen hori guztia ziren bi ahizpak. Euren hirian bertan erbesteratuak, mina ziren eta askasun ufada garaiko giro itogarrian.

Hantxe segitzen dute Alamedan, nahi duenak larderiaz eta eromenaz gogoeta egin dezan. Artean, katedraleko zirko handian, Zebedeoren semea Palestinatik Compostelara harrizko txalupa batean heldu zela sinetsita biltzen da mundua, Clavijoko batailan tropa kristauei mairuak garaitzen lagundu zien arrantzalearen hezurrak gurtzeko.

Jaso behar lukete debekua eta burukaden usadioari ekin. Zenbat eta gogorrago eman, argialdia handiagoa izango dutela aginduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.