Barruak agindu ahala hitz egin du Antonio Cañizares Valentziako artzapezpiku eta kardinalak, aho-bizarrik gabe, ohi duen legez: « Errefuxiatu eta migranteen inbasio hau, lastorik gabeko garia da? Zer izango da Europa urte batzuk barru?». Eta izpi batean etorri zaio zaparrada, estatuko Fiskaltzaren parte hartzea eskatu dute hainbat erakundek. Espainiako Gotzainen Biltzarretik bertatik ere egin diote errieta.
Cañizaresek, esan gabe doa, zabar eta zakar jokatu du; ez buruz, baizik eta egitez, esan dio honezkero baten batek. Aukeratu dituen hitzak ez dira egokiak izan, are gutxiago justizia soziala bazter utzita geure burua errukiaren lurrunetan egosten ari garenhonetan. Eta hor egin du menturazkristauak bekatu: errukia gutxienez, jauna.
Bistan da, ez da Ameriketatik heltzen den jendeaz ari Cañizares, Europa gero eta musulmanago baten izuak lotu du kardinala. Esateko era baldres eta desegokia bazter, badira urte batzuk Eurabia kontzeptua gurean dela. Sustrai kristauen baztertzeak, migrazioari ateak zabaltzeak, islamaren eta demokraziaren arteko uztartze ezinak eta AEBen eta Israelen kontrako iritzi-oldeak ekarriko dute hondamendia Europara. Bat Ye'or britaniar idazle judua da konspirazio-teoria honen jainkoa eta Mario Gabiria cortestar soziologoa izan du, aldeak alde eta behiala argiago, profeta gurean.
Eta giroak halakotua edo, neure burua aztertzen paratu naiz, maila teorikotik eta praktika aseptikotik harago, noiz, nola eta zergatik hurreratu naizen «inbasoreengana», zenbat ditudan ezagun, zenbat lagun eta zenbat lagunmin. Emaitzak neure kolkoan gordetzekoak dira. Eta susmo beltza dut, aitzaki-maitzaki, ez ote naizen ari seme-alaben gain zamatzen gutxieneko elkar-ezagutza baten ardura, ez ote nabilen honetan ere ondorengo belaunaldiei uzten nirea den arazoa, berez teorian, listo halakoa, hain garbi dudana. Beste batzuek euskararekin bezalaxe.

LARREPETIT
Cañizares eta biok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu