Telebistan ikusi dut Capri uharteari buruzko albistea. Hutsik dago paradisutik bi metro erdira dagoen toki txundigarria. Napoliko ferryak ez darama turistarik. Akorduan daukat nik ere hartu nuela Caprirako ferry hori eta ez zegoela jende askorik; negua zen eta Capri, ezberdina. Etxeko arroparekin eta ilea anabasa dela aurkitzen zaituen ustekabeko bisita bezala. Capri: huts, hotz eta hits bat zen, ez aberatsen ametsa izan ohi den lekua; bai, berriz, ederrestu bako errealitate deserosoa.
Hiriko eraikin bati begira geundela hurbildu zitzaigun emakume bat lehengoan; euskaraz berbetan entzun zigun eta pentsatu zuen atzerritarrak ginela. «Nongoak zarete?». Txundidurak utzitako mututasunaren ostean bertokoak ginela esan genion, eta mututasuna bere aldera pasatu zen. Hasierako abegikortasuna desagertuta, goitik behera begiratu zigun eta joan egin zen. Ez genion buelta erdirik eman kontuari, baina etxeratzerakoan emakumea ezin burutik kendu ibili naiz. Turismoaren itzulera askorentzat normaltasunerako itzulera da. Hots, hiriko kaleetan bisitak jasotzeak inplizituki dakar dena gainditu dugula, itzul gaitezkeela aurreko bizitza idiliko horretara. Idiliko egoera honek egin du, ez baitzen idilikoa. Guregana etorritako emakumearen itxaropenari krask egin genion segundo erdian. Berak nahiago zuen Capri eguzkitsua eta ez bizi gaituen egoera kontrolaezin eta beldurgarria. Koreako Byung-Chul Han filosofoak uste du gure panikoa bizi garen gizartean zerbait gaizki dabilen seinale baino ez dela. Turista batzuk itzuli dira gure kaleetara, agian aurkituko dute Capri erreal bat, agian ezinegona eragingo die hiri ikaratuak. Beharbada euren etorrerak patxada emango dio eraikinari begira harrapatu gintuen emakumeari. Agian eta beharbada. Eta baliteke Joaquin Araujo naturalistak dioen bezala, planeta honentzat gu birus arriskutsua baino ez izatea. Agian eta beharbada.
LARREPETIT
Capri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu