1998an lagun batenean nintzen Athletic-en Txapeldunen Ligako lehen partida ikusten, Rosenborg-en aurka. 2006an Markinako bertso saio bat aurkezten ari nintzela hedatu zen zurrumurrua. Aurtengo Antzar Eguna ere memorian geratuko zait: alabatxoarekin bazkaltzera etxeratu eta BBCra bidalitako oharra, iraileko zurrunbiloaren abiapuntua. Lehen erreakzioak, espero zirenak, dena berdin, atentatuak izan zein ez, Imanol Muruak atzo zioen legez. Antzeman zitzaien urduritasuna. Manifestazioa debekatzea probokazio aski ez, eta eskuliburuetako polizia operazioa. Beste batzuetan inkomunikatuta espetxeratu eta asteak pasatzen dira tortura salaketen zertzeladak jakin arteo. Badirudi Madrilgo bulegoren baten, ezker abertzalearen amorrua hauspotzeko gogoa dagoela, berehala heldu zaizkigu ankerkeria berdeen berri.
Baina erantzuna, ETAren beste komunikatu bat izan dute, are argiagoa, nazioarteari idatzia orain. Eta espirala bizkortu egin da: manifestazio berri baterako deia, Bruselako sinatzaileen erantzuna, eta atzoko hitzarmen historikoa. Milaka abertzalek luzaro amestutako argazkia izan zen, argi zutenak, ñabardurak ñabardura, elkarrekin joan ezean gure herriarenak egin duela.
Espainiako gobernutik hurbilen den egunkariak ere jakinarazi digu nazioartean egon daitezkeen urratsak, baita jeltzaleen eta PSOEren arteko negozioez ere. Transferentziak transferentzia, jokaleku berria zelan landu mintzatu ei ziren, El Pais-i sinestera.
Iraila ezin interesgarriago doa. Gudari Eguna eta urrirako, badator ilusioa. Pazientzia beharko da, baiki. Lehen probokazioan kale eginda ez du etsiko estatuak. Baina jokoa orain, etxean eta Europan dago, Hegoafrikatik pasata. Espainiaz paso, aspaldi egin behar genuen legez.
LARREPETIT
Dabilen harria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu