Andaluzian izan gara asteburuan, preso daukaten lagun bati bisitan. Zortzi ordu inguruko bidaia, autoan: gasolindegiak, Osborneko zezenak, zelai horituak, putetxeak eta olibondoak. Noizean behin herri txikiren bat. Irribarrea sortzen diguten herri izenak: Tembleque (dardarizoa), Consuegra (amaginarrebakide)...
Bide luzea, baina gustura egindakoa: hiru bidaiariren arteko solasa, geldiuneetan prestatutako moleta pintxoak, eta autoko diskografia guziari errepasoa. Tartean, Berri Txarrak-en disko zahar bat, erdi marratua, eta kantu baten oihartzun errepikakorra gurpilek errepidearen kontra ateratako hotsaren gainean. Batzuk mila kilometrora: bihotzetik gertu, alegia.
Espetxe ondoko tabernara joanda, giro ona. Zerbitzaria abegikor, gutako bat jada ezagun eginda, ingurura joanaren joanaz. Bisita aurreko itxaronaldia, beroa. Mezuak familiakoei: ongi iritsi garela. Eta bisita aurreko nerbioak: ongi egonen ote den barnekoa, lortuko ote dugun isilune gehiegirik ez egotea elkarrizketan...
Iritsi da ordua, eta bagoaz barrura. Paketea dugu kartzelara sartzeko, eta hor lehen arazoak. Funtzionarioak, haserre: hilabetean bakarra sar dezakeela, eta hilaren 8an sartu zuela bat. 22a da. Hitza hitzaren kontra. Maletategian utzi behar izan ditugu hotzerako arropaz eta ikasketetarako liburuz betetako zakuak. Bertzela, zakarrontzi poltsa batean sartuko zukeen funtzionarioak senideek txukun eta maitasunez plegatuta ekarritakoa, eta halaxe emanen gero presoari. Detaileak.
Autoaz distantzia laburtu bai, baina bisitan, kristala. Zentimetro batzuetakoa. Besarkada eta muxuetarako muga, distantzia. Baina poza, solasak, irriak. 40 minutu, eta min bat: laguna etxera ekarri ezina. Bueltan, sakabanaketa, kartzela eta erantzuleak eta antzeko hitzak buruan bueltaka. Eta, diskoa, erantzunez bezala, berriro trabatuta. Beste batzuk, bertan bizita, horren urrun.

LARREPETIT
Distantziak I
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu