Behzad Kurdistani poeta eta adiskidea asteon geratu da libre. Ahul eta indarge dago, abuztuan espetxeratu zutenetik gutxira gose grebari ekin baitzion. Howraman eskualde paregabera berarekin joan naiz, bidean euskal kantak eskatzen zizkidala. Baita poemak errezitatzeko ere, euskararen hotsak ezagutzeko. Gero Behzadek berak ekiten dio errezitatzeari, eta hantxe, Kurdistango mendien erdian, esperientzia zirraragarria da.
Bakearen Nobel Saria ere hitza arma zeukanari eman diote aurten. Hitza zapaldu dute Mexikon aurten hil duten kazetari bakoitzarekin, maputxeen eta euskaldunen eta anarkisten eta beste hainbaten hitzak zapaldu Txilek, hedabideak ezin hobeki propagandarako zerabiltzan artean. Turkiak hitza egunero zapaltzen du, Vedar Kursuni 166 urteko espetxe zigorra jartzean nabarmenen, baina berdin, berriki, lehen seinale elebidunak kentzea agintzean «bidean norbait erratzeko arriskua dagoelako».
Hitza ukatu zion Jone Goirizelaiari epaileak, hitza -eta ez armak- erabiltzeagatik epaitutako hiru abertzaleen aurkako epaiketan. Eta espetxera bidean ere hitza eta ez armak erabiltzeko deia berretsi zuen Otegik, hitza ukatu nahi zion epailearen aurrean.
Idazle espetxeratuaren eguna da bihar, DOIW ingelesez. Halaxe gogoraraziko du PEN Klubak mundu osoan. Eta etxean? Donostian film bat debekatu dutela, eta epaile aski motz baten itsutasunak dohako publizitatea eman. Adierazpen askatasunaren urraketa salagarria da. Baina txikikeria kazetariak espetxeratzen dituzten herrialdean. Bai, Europan bertan. Espainia dauka izena eta preso ditu Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin egiten zuten beste hainbat lagun espetxean. Egunkaria kasuan Espainiari emandako muturrekoa Egineko lagunak etxeratzeko erabili behar dugu. Ez nahi bezala, baina Jose Luis Elkoro etxean dago. Baina Espainiak euskal prentsako beste hamar lagun ditu oraindik gatibu.
DOIW
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu