Ebaki eta pegatu

Castillo Suarez.
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Aitor dezadan, lehenik eta behin: kolaborazio hau ebaki eta pegatzen osatu dudala hein handi batean. Irratian entzundako adierazpen batzuk interneten bilatu eta pasarteak aukeratu ditut. «Memoriak sufrimendu bidegabearen akta egiten du eta zigorgabetasunarekiko tolerantzia oro eragozten. Memoriak, hitz batez, ahanztura behartu edo interesatuaren lilura tentagarritik begiratzen ditu herritarrak. (...) Geure gogoan ditugularik denak, orain, baina batez ere gogoan dugularik etorkizuna, zeren eta biktima guztien memoria zaintzea lagungarri izango baitzaigu bakezko eta askatasunezko etorkizuna lor dezagun, denon artean elkarbizitza jator bat izateko».Memoriaren Egunerako Eusko Legebiltzarrean plazaratutako adierazpenaren zatiak dira. Edozeinek sinesteko eta sinatzeko modukoak.

Aste honetan bertan Mikel Arregiren omenez egindako eskelari begira ikusi ditut kafetegiko langileak. «Hau noiz hil zen?»galdetu dio zerbitzari batek besteari. «Ez zen hil, hil egin zuten» erantzun dio eskuekin lepoko zapia txukuntzen zuen bitartean. Zerbitzaririk gazteena ez da gehiago galdetzera ausartu. Ohartu da begira geratu natzaiela. Mikel Arregi zen, baina izan zitekeen Mikel Zabaltza, edo Santi Brouard, edo Stein... Nago askorentzat Mikel Arregi Lakuntzako kale bat dela, ez besterik; edota Angel Gurmindo Stein Olaztiko kalea, berdin da.

Zein gauzalausoa den memoria. Zein gauza mugagabea. Zein erraza den memoria aldarrikatzea, baina batzuekin bakarrik akordatzea. Zein erraza den ahanzturaz hitz egitea eta batzuk bakarrik ahaztea. Finean, memoria hautazkoa da eta akordatu nahi duenak aukeratzen du zer oroitu, zer gogora ekarri. Areago, memoria asmatu daitekeen zerbait denez, iragan faltsu bat asma diezaiokegu geure buruari edo aurrez aurre dugunari. Memoria faltsua eraiki benetakoak sorrarazten dizkigun arrangurak eta galderak ordezkatzeko. Memoria faltsua eraiki etorkizuna nahi erara moldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.