Santuei erreparatu gura ez eta ateo kristauak ginela gogorarazi nuen joan den astean. Eta asteon gogorarazi digute San Andres eguna ezker abertzalearen jaiotze data dela. 80 urte, ez alferrik. Eskozian ere, erreferendumerako egun behar zuen, baina aurrerago izango da, edo ez da izango, baina hori ere nahi ez dutelako, ez inork galarazita. Eta Nafarroako eguna, eta euskararena ere joan da; eskerrak eman beharko dizkiegu oraindik espainiarrei gogorarazteagatik kolore guztietako abertzaleak batzen dituena zer den, hura zapaltzetik izanda ere. Berrogei urte Burgosko prozesutik, etsaiak gogor jo ezean zatitzeko ohitura euskaldunok. Ez da kaltea, berez, iritzi askotarikotasuna, kritika, baina onura da, ezinbestekoa, herria ataka historikoan dagoelarik batzen jakitea. Beti diot, eta oraindik ez da euskal brigadarik joan Kosovora. UCK-kgerrilla bidea hartu zuen, iraultzaile ezkertiar noizbait, gringoen lagun gero, Rugovak desobedientzia zibiletik lor zezakeela pentsatu zuen, eta gaur arte diraute zatiketek eta haserreek. Baina jakin zuten, jakin zutenez, behar zen unean batzen. Aralarkide, batasunakide, jeltzale eta enparau: bizitza osoa daukagu haserre egoteko, jakin dezagun elkarlanerako uneetan elkarrekin jokatzen. Espainiarrek egin duten legez.
Eta hilak 6 bihar, hogei urte euskarak Egunkaria lortu zuela. Zail da azaltzen daukazun bakarra ixtea zer den, ez kubatarrek, ez sahararrek, ez palestinarrek ez venezuelarrek ez dakite hizkuntzaren garrantziaz. Kurduek bai, berehala jar daitezke gure azalean, egunero-egunero borrokatu behar dute etxeko hizkuntza kalera, eskolara, hedabidera, unibertsitatera eroateko. Hilketak, atxiloketak, itxierak... geroz eta argiago daukate zerk egiten dituen kurdu. Gaur aukera paregabea dugu Durangon oso antzeko sentimenduak ezagutzeko, hizkuntzaren ukaziotik 5.000 kilometrora senti daitekeen enpatiara. Zubi lana egin dugu batzuek, beste guztiei zubi hori bermatzea eskatzen dizuegu.
LARREPETIT
Efemerideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu