Ia egunero heltzen zaizkigu gure bizitza hobetuko duten proposamen miragarrien zerrendak. Zer egin beharko genukeen lan munduan arrakasta lortzeko edota munduko zoriontsuenak izateko. Oraingo honetan, baina, mentalki indartsuak diren pertsonek egiten ez dituzten gauzen zerrenda irakurri dut. Egin ezin diren hogei gauza dira guztira, tartean confort gunea edo gune erosoa deitzen dion horretan gelditzea edota aldaketak ekiditea leudeke.
Aldaketak, egoera berri eta ezezagunak. Haur eskolan legez, gustura hartuko lukete askok egoera berrietara egokitzeko aldi seguru bat, babestu bat. Zerbait txarto dabilenean telefonoa hartu eta etxera bueltatzeko aukera izatea. Gurasoen magalera. Ohiturak ematen baitigu segurtasuna, txarra izan arren ezagun izateak.
Egunotan hainbat eskolatako pasilloetan entzuten diren negar asko barre algara bihurtuko dira gerora. Aldaketa txarrerako ere izan daitekeen arren (askok ikasturte osoan ere ez dute gustura egoterik lortuko), aldaketak aberasgarri ere badirelako. Lagun berriak, lankide berriak, lan berriak, proiektu berriak... Laster zahar izango direnak, eguneroko, ohiko edo tradizio. Jaizkibel konpainiako Amets Mariskal gazteak Alardearen tradizioaz egunkari honetan zioena adibide; «Beraientzat tradizio da mutilak bakarrik ateratzea; niretzat tradizioa da denak ateratzea».
Egokitzeko denbora gehiago edo gutxiago behar izaten dugu, eta egokitzapenik ezean, salto egitea tokatzen da lantzean behin, edo hegan egitea, jausterakoan nork eutsi izango duzun jakin gabe. Min hartzeko arriskua hor dago, baina askoz txarragoak dira salto egiten utzi nahi ez dizutenak, zure hobebeharraren izenean, beraien hobebeharrerako. Edota azken aukera moduan xantaia emozionala erabiltzen dutenak, erruduntasun sentimenduaren bila.
Ezta, Cameron?

LARREPETIT
Egokitzapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu