Beharbada, «inuzenteen zerrendan» egongo zara zu ere. Beharbada, jasoko zenuen horrelako eskutitzen bat. Hotel batera joateko gonbita. Ez lotara. Promozio batera baizik, bertako areto batean. Joateagatik bakarrik opari bat emango dizutela. Mikrouhin labea izan daiteke. Urdaiazpiko hanka ere bai. Edo bost litro olio. Birjina estra.
Emakume ezkondu eta alargunei zuzendutako eskutitzak izaten dira. Normalean, adinekoak. Hori bai, urdaiazpikoa —edo opari potoloa— senarrarekin joanda bakarrik ematen dute. Alargunei, alabaren batekin edo lagunen batekin baldin badoaz. Bakarrik doazenei, ez. Haiei, oroigarri bat. «Eta ehun euroko billetea erakusten duen bikoteak, erakusteagatik bakarrik, inoiz ahaztuko ez duen opari sorpresa jasoko du».
Eskutitza irakurri ostean, ez dakizu zein den eskaintza. Zer saltzen duten. Batzuetan, liburuak izaten dira. Entziklopediaren bat. Beste batzuetan, portzelanazko ontziteria. Baina hori gutxienekoa da. Oparia nahi duzu. Eta behin hara iritsita, opari gehiago eskaintzen dizkizute: koltxoia, telebista… Kontua da jendea erori egiten dela. Ez baita posible urdaiazpikoak oparituta negozioa egitea. Eta ezagutzen ditut ezer erosi gabe urdaiazpikoarekin bueltatu diren batzuk.
Ezagutzen ehun euro oparitzen dituen kutxa automatikorik? Ba, duela gutxi, Coca-Cola etxeak horrelako makina bat jarri zuen kalean. «Nahi al duzu 100 euro atera, kreditu txartela erabili gabe?», irakur zitekeen pantailan. «Bai» botoia sakatuz gero, baldintza bat jartzen zuen: diru hori norbaitekin partekatzea. Proposamen batzuek agertzen ziren, opariak egiteko. Eta dirua ateratzen zen. Dena kameraz filmatua, nola ez. Dirua jaso zuten batzuei jarraipena egin zieten. Zoriona nola banatzen zuten erakusteko. Ze polita, oooo. Eta albiste bihurtu zen: Zorionaren kutxa.
Publizitate kanpaina errentagarria izan zen Coca-Colarentzat. Posible delako dirua oparituta negozioa egitea ere.

Larrepetit
Ehun euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu