1750-1760 inguruan Larramendik eta Kardaberatzek bizi-bizi azaldu zuten euskararen omenaren galera eliteko gizontxoen artean. Gaztelara joan, han «gaztelania ez ikasi eta euskara bai ahaztu»; itzuli eta ez batean ez bestean ondo moldatu. Borboiek Frantziatik ekarririko azken modaren arabera —parpaila paparrean, kasaka soinean, trikornioa buruan— janzten ziren oilarrek euskaraz ez zekitelako itxurak egiten omen zituzten. Europatik zetozen modernotasun haizeak dira: aurrerapena, jakituria eta dotorezia erdararen aldean soilik zekusaten Ilustrazioaren semeok; euskararen aldean, ordea, herri arlote ezjakinaren sineskeria eta ohitura txarrak.
Alderantziz, Le Dauphin itsasontziko euskarazko gutun gehienak (1757) emakumeek idatziak dira, euren artean gizonetan baino elebakar gehiago zegoelako segurki. Larramendiren arabera ere (1754), Gipuzkoako «emakume eta andereetan» gutxi ziren eguneroko gaietatik atetiko gaztelania zekitenak. Kardaberatzek (1761) bi andre hautatu zituen euskal erretorikaren erakusgarri, bata Donostiako «errekardaria» (txerpolaria) eta bestea Elorrioko «etxandera». Joakin Alzibarren Gran tourra antzerkitxoan (1772) hiru emakume ari dira elkarrekin hizketan.
Datuon arabera, euskara emakumeek zaindu eta gorde zituzten gehienik euskal sareak orduko arnasgune erraldoiak xare-xare egingo zituen joera indartsuaren aurka, euskarak gainbehera latzena pairatu zuen 1750-1850 arteko gizaldian.
Halere, datuak ez dira objektiboak, hautatzen eta interpretatzen dituen diskurtsoaren araberakoak baizik. Orduko hartan datuak ez datozkigu emakumeen ahoetatik, baizik eta «etxeko aingerutzat» hartzen zituzten XVIII. mendeko gizonezkoen ideologia euskarazale, bai, baina zeharo kontserbadore eta patriarkalaren ikuspegitik. Feminismoak sakon aztertu beharreko kontrastea iruditzen zait. Horra erronka dakienarentzat.
LARREPETIT
Emakumeetan dago koxka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu