Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Enperadore eroak

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Plastizidade zurgarrizko argazkia herenegungoa egunkari honek azalean. Plastikozko milaka zorro zuri, urdin, berde Arraitz magaleko zuhaitzen adarretan, Alonsotegin. Zaborra bereizi, ahal dena birziklatu eta gainerakoa erraustera edo zabortegira bidaltzen duen Artigasko tratamendu mekaniko-biologikoko plantak ez duelako bere lana bete. Zarratuta egon da egun batzuetan. Haize bolada batek utzi du agerian egin gabeko lana eta akatsa. Eta horra plastikozko baso bat Artigasen, Omakoa, Iratikoa, Orgikoa bezain ikusgarri.

Artigas izan da Bilboko udalaren zabortegia urteetan. Han gorde dira hiriko zakarrak eta erre dira airearekin bat egin beharrekoak. Tartean, baita liburuak ere.1981eko ekaina zen milaren bat ale iritsi zirenean Artigasera letrak ketan urtu zitezen. Udalaren aginduz kiskali zirenak Bilboko udalak berak aurreko urtean antolaturiko ipuin lehiaketan hautatuak izan ziren. Delitua: gaztelerazko irabazleak, Juan Fernandez de Retana lizarrarrak, hitz gordinegiak erabili zituen errepublika garaian Erriberan girotutako kontakizunean. Eta hala joan ziren inkisizio modernoaren surtara Fernandez de Retanaren lana ez ezik harekin batera bilduman agertzen ziren guztiak ere, tartean Joseba Sarrionandiaren Enperadore Eroa.

Plastikoen basoaren kasuan bezala, Bilboko udalaren gestio zabarra utzi zuten agerian ipuin zentsuratuek. Idazleek ez bazekiten ere, hala zuritu zen udaletik, liburua eskoletan banatzeko asmoa zuten, eta noski, hizkera gordinegia idazle sarituarena. Handik ez askora, Sabrina Salerno italiar kantaria ekarri zuen udalak Areatzara gabon zaharrak alaitzera. Esan gabe doa, ondo kantatzen zuelako.

Eta enperadore eroen zurrunbilo honetan, betor bideetako kontalariaren mintzoa: zenbat egokiagoa litzateke, bidaiari, Artigasen, plastiko piltzarrak beharrean, erretako liburu haien orriak agertu balira zuhaitz abarretan katigatuta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.