Zazpi urteko haurraren begiak parez pare izateraino makurtu da erizaina. Ohatila batean ahuspez etzanda dago txikia minak eta ezinak bihurriturik; dena intziri, dena txilio eta negar. Erizainak esku bat pausatu du haren besoan eta bere izenez deitu dio goxo. Hirugarrengoan lortu du helburua, eta begi urdin biziek distira egin diote bien begiradek topo egin dutenean. Bere burua aurkeztu du eta larrialdietan dagoen bitartean berekin egongo dela adierazi dio. Haurrari mintzatzen zaio une oro, bi gurasoak bertan badaude ere. Ipurmasailean duen zauri larria sendatu ahal izateko jarraian egingo duten guztia azaldu dio: zirujauak, gas lasaigarria eta baita jarri beharko dioten zain-bidea ere. Garbi mintzatu zaio, parean duena umea izan arren pertsona osoa dela ulertuz eta errespetatuz. Haurrak ezetz esan dio eta malkotan lehertu da berriz ere, ez du orratzarekin ziztatzerik nahi. Erizainak ez dio esan ez dela ezer, edo ez duela ezer nabarituko edo horregatik negarrik ez egiteko; alderantziz, umearen sentimendua onartu eta jaso du, eta esan dio ulertzen duela beldurtuta egotea, baina egin beharreko gauza bat dela eta, min pixka bat eman arren, berehala pasatuko zaiola. Umeak negarrez jarraitu du, baina zain-bidea jartzen utzi dio erizainari. Hiru orduren ondoren, etxera joateko baimena eman diotenean, besarkada batez agurtu du haurrak erizaina; gurasoek esker on malko bana lehortu dute autora sartu aurretik.
Egunero gure osasunaren alde lanean diharduten horiek eusten diote gain behera doan Osakidetzari. Direnak eta ez direnak egiten dituzte itxaron zerrenda amaiezin, baliabide urri, garbitzaileen ezinbesteko greba eta bestelako traba guztien gainetik zerbitzu duina eskaintzeko. Eta zer. Nori inporta zaio hau? Askoz ere interesgarriagoa eta errentagarriago da —batzuentzat— Osakidetzak behar duen dirua Tourrari ematea, hiru egunez Euskal Herritik —Basque Country; Spain-tik— igaro dadin.
LARREPETIT
Erizaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu