Donostian lanean hasi nintzenean Segurakoa nintzela esaten nien lehenengo aldiz aurkezpenak egiterakoan. Orduan, Segurako Aste Santuaz galdetzen zidaten, eta historian aditua zenak herriaren erroei buruzko aipuren bat egiten zidan bestela.
Unibertsitate urteetan , Bilbon bizi nintzenean, nongoa nintzen galdetzen zidatenean, Gipuzkoa barnealdean, Goierri bailaran dagoen herri txiki batekoa nintzela esaten nien. Eta orduan Beasaindik eta Tolosatik gertu zegoen galdetzen zidaten.
Londresera etorri nintzenean, Donostia erabiltzen nuen erreferentziatzat lehenengo saioan, baina gehienetan jartzen zituzten harridura edo zalantza aurpegiak ikusiz, Bilbotik ordubetera zegoelaesaten nien. Guggenheim museoari buruzko galderak egiten zizkidaten hurrena edo, bestela, San Ferminak aipatzen zizkidaten. Bestela, oraindik ere, askok «hori Bartzelonaren ondoan dago, ezta?» galdetzen didate. Bartzelona da askorentzat mapan erreferentzia bakarra.
Oporretan, bidaiatzen nabilenean, Euskal Herrikoa naizela esaten diet. Eta orduan egoera politikoaz galdetzen didate batzuek, eta, futbol zaleak direnak topatuz gero, Athletici buruz.
Erreferentziak moldatuohi ditut: non nagoen eta norekin hitz egiten dudan, horren arabera.
Martxoaren 11z geroztik, nola ahoskatzen den asmatuko ez nukeen Higashimatsushimako batek ez dauka erreferentziarik eman beharrik, tsunamiak ezabatu ditu herria eta galdera posible guztiak. Aldi berean, Fukushimakoa zentral nuklearra bihurtuko da turismo gidetan Fukushimari buruzko atalean lehen paragrafoan azalduko den aipamena. Zortzi urte nituen Txernobylgo zentralaren leherketa gertatu zenean, etaoraindik gogoan dut mapan begiratu nuela hura non zegoen; baina, ez dakit eta ez dut inoiz galdetu aurretik zer zegoen herri hartan,ezta gerora zer gertatu den ere.Hondamendia gertatu zen urtean gelditzen zaie denbora; tamalez,bestelako erreferentzia beharrik gabe.
Larrepetit
Erreferentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu