Ez dakit zergatik egoten den jendea erregeak zer esango. Herri bat gidatzeko mandatua Jaungoikoarengandik jaso duen gizon batek ez luke gaur egungo munduari eskaintzeko ezer izan behar. Gutxiago oraindik, mandatua Jaungoikoak eman beharrean, Francisco Franco Bahamonde izeneko hiltzaile batek eman dizunean. Mundu guztia demokraziaren aldeko borroketan ari denean, esku bakarrean gordetako boterea aldarrikatzeak ez dauka zentzurik. Halako familietan jaio zarelako, zuk Mallorcan daukazun itsasontzia beste guztiok ordaindu behar izatea lotsagarria da XXI. mendean.
Baina hor egon gara astearte iluntzean Felipe VI.ari begira. Bakarrik agertzeko beldurrez edo, Karlos III.a ekarri du lagun: euskara, katalana eta galegoa galarazi zituen erregea. Ez dago kasualitaterik, eta zerbait esan nahiko zigun Borboiak. Harrituta eta kezkatuta etorri zaizkit lagunak asteazkeneroko afarira: erregea gaztea iruditzen zaie hain ideologia frankista izateko. Neu ez ninduen bereziki harritu. Ejerzitoko burua ere bada Espainiako Estatuburua, eta bere logikan, logikoa iruditu zitzaidan ordena ezartzeko bide guztiak erabiltzeko deia egin izana. Beste gauza bat da haren logika eta gurea ez direla berdinak, zorionez.
Baina erregea ez da arazo printzipala, ezta ideologia frankista ere. Gaur egun Espainia izenaz ezagutzen duguna herri inperialista izan da, konkistatzailea. Eta ezkerretik eskuinerako abaniku ideologikoaren zati handi batek sinistu egiten du, konkistatutako lur guztietatik gelditzen zaizkienen batura, zatiezina dela. Eta zatiezintasun hori ez du erregeak bakarrik defendatzen.
1934ko urriaren 6n, Lluis Companys Kataluniako presidenteak independentzia aldarrikapena egin zuen. Espainiako Gobernuak nahiago izan zuen presidentea atxilotu Kataluniari bere etorkizuna erabakitzeko aukera ematea baino. Eta orduan ez zen erregerik, ez Francorik Espainiako Gobernuan: II. Errepublikaren garaia zen.

LARREPETIT
Erregeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu