Larrepetit

Eskerrik asko

urtzirrutikoetxea
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Konkistatu eta umiliatutako herria altxarazten asmatu zenuten. Abertzaletasun etnikoa antikolonialista bihurtu eta ukatutako hizkuntza borrokaren erdian jartzen. Ikastoletako fruitu gara. Oraingo konkista-ikasgaiak gaitzetsi gura duen ikastola horretakoak. Atzo esan genizun, eta berriz ere eskerrik asko, Txillardegi. Badakigu nork ekarri duen Euskal Herria gaur gauden lekura, bizirik eta euskaraz bizitzeko gogoz. Memoriatik ere etorri gara, galtzaileen memoriatik garaipenaren hautua egin zenuten legez. Gaur gure memoriak Zizurkil dio. Eta ahanzturaren traizio larria egin bagenu ere, behin eta berriz gogorarazten digute terrorismoa ez dela desagertu, torturaren izua lasai asko dabilela euskal lurrean.

Gaurik beltzenean matxinadaren argia ekarri zenuten. Meliton eta Carreroren exekuzioen gaitzespena eskatzen dute frankismoa inoiz gaitzetsi ez dutenek, eskerrik asko esaten dizuegula jakitun. Ez zuten horrelakorik espero, argi esan bazitzaien ere. Eta hortxe lehen garaipena. Ezker abertzaleak asmatu egin duen seinalea. Txaloak eta ilusioa dira nagusi, eta etsaien urduritasuna, baina badago tristura ere. Ez dago zertan ukatu, jende askorentzat mingarriak dira entzun ditugun gauza batzuk.

Luze jo du gerrak, amaitzeko sasoia da. Baina ez etsita. Duela mende erdi legez, etsipena astintzeko bide berriari helduko diogu. Konfiantza pixka bat, tarteka mingarria izanda ere. Dagokiguna hartzera goaz, behin betiko. Beste belaunaldi batek sufri ez dezan, matxinatzeko beharrik ez izateko. Begirada jaso eta berba hau edo hori utzita, urrunera begiratu dezagun. Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkar hartzea, batasuna. Denak batera Maltzagatik Iruñera, baita abangoardia zelakoan itsu dabilen independentista erresumindua ere. Independentistak independentista gehiago behar ditu beti, independentismoa baldintza bakar. Zerbait berria sortu da eta independentziara doa. Zuekin batera, beti. Maite zaituztegulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.