Espainiako jeneralak

urtzirrutikoetxea
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hitzek baino gehiago -azkenaldian prozesua jarraitu duenarentzat, harritzeko moduko gauza berririk ez-, ziegatik ere nabarmentzen duen autoritatea du garrantzitsuena Arnaldo Otegiren elkarrizketak. Eta igandez eta orri mordo horrekin argitaratzea El Pais-ek, bistan da. Handik egun bira, euskal gatazkaren arduradunak jarri ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko gidari. Ramon Jauregik hala iritzi zion Otegiren hitzei falta zaiena nabarmendu ostean, hala zioen: «ETAk utziko duen segurtasuna falta da [...], beharbada ezinbestekoa da. Onartu behar da oso prozesu konplexua dela, eta ausentzia horrekiko ulerkorrak izan gaitezke».

Atzo, Espainiako sasi-ezker jakobinoko ordezkari nabarmenetakoak, Antonio Elorzak, bidea markatu zuen kazeta berean: «(Ezker abertzaleak) hitzak aurkituz gero [...] gobernuak baimenduko du ezker abertzalea 2011ko hauteskundeetan egotea. [...] EAJk gehien maite duen rola joka dezake; euskal politikan tutore izatea, argitan baino gehiago itzaletan, bi aldiz bakartutako ETAren amaierarako eztabaida erabakigarria gertatzen denean. Argi dago ibilbide horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta han PPrekin daukaten aliantzak, John Carlinek baino gutxiago balio dutela. Baina ETA amaitzen bada, Zapaterok hauteskunde orokorrak irabaz ditzake».

Lopez sakrifikatzeko prest? Ez da berehalakoan nabari, baina beharrezko urrats izan liteke hori ere. Euskal gatazka Espainiako Gobernuaren hilobi edo garaikur izan daitekeela jakinik, beharrezko du PP neutralizatzea. Eta Rubalcaba horretan maisu: John Carlini espetxean sartzea debekatu zion -bidenabar PPk galderarik egitea eragotziz-, baina elkarrizketa idatzia bultzatu du. Egurrak atsedenik ez: hamalau gazte inkomunikatuta orain bertan, eta bihar Rubalcabak berak babestutako guardia zibilak epaitegietan, euskaldunak torturatzeaz akusatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.