Iñigo Aranbarri.
Larrepetit

Espainiar laguna

2014ko martxoaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezin da Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalaria La 2eko magazine batera gonbidatu kazetariari sinistarazita Hispanitate guztia, La Roja eta Julio Iglesias dituela berekin: «Espainiera, 500 milioi biztanlerekin, bigarren hizkuntzarik zabalduena da munduan». Hizkuntzan biztanle; zoragarria begitandu zait hasiera irrist eta guzti.

«Zergatik da espainiera hizkuntza komuna Espainian ez ezik munduko beste hainbat herrialdetan?». Moreno Cabrera lasai mintzo da, boxeolari bikainek soilik duten patxadaz: «zabaldu zen Ameriketako hizkuntza asko eta Espainiako besteak zapaldu zituelako, ez hizkuntzak dituen ezaugarriengatik». Mundua du beha esatariak, ordea: «Hainbeste hiztun duen hizkuntza erraza da, ezta». «Munduko hizkuntza gehienek dute, gutxi-asko, antzeko zailtasuna. Gaztelerak bost bokal ditu, baina 1.100 aditz irregular».

Luze gabe hartu du boxeo ring baten itxura platoak: «espainiera komunikazio-hizkuntza da; hizkuntza gutxitu horiek, ordea, mundu globalizatuan...». «Ez dago hizkuntza bakar bat komunikatzeko ez dena. Espainiera besteak baino gehiago delako aurreiritzi hori... hizkuntza hauek ez dira aurrehistoriako hondakinak, biziak dira, modernoak, milaka lagunek egunero elkarrekin komunikatzeko balio dute». «Baina ingelesa...». «Espainian praktikoagoa da katalana ingelesa baino». Mingostu egin zaio barre-antza, Dum Dum Morenoren crochet belusazkoak betondoan jota bota du Santa Teresaren beso ustelgaitza Babiecaren gainetik: «Espainoloi ez digute eleaniztasuna estimatzen erakutsi, ez entzuten, ez sentitzen. Gor bihurtu gaituzte». Esatariak eutsi ezinik: «Baina horretarako norberak nahi izan behar du!». «Jakina, nekez estimatzen da ezagutzen ez dena».

Moreno Cabrera espainiarrekin adiskidetzen zaituen pertsona horietakoa da. Bestela esanda, norbera ere jarrera negargarrietan ez erortzeko antidoto ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.