Larrepetit

Estoikoa

2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ikararen aurrean erreakzio posible asko dago. Atsekabe edo hondamendiei sendotasunez aurre egiten dien pertsonari, adibidez, estoiko esaten zaio. Japoniako biztanleei lotuta azken hilabetean sarri idatzi den izenondoa, estoiko.

Europar ikuspuntutik japoniarrak optimistegi, naive-egi, lasaiegi ikusi ditugu. Estoiko, bada. Normaltasunari eutsi nahian tematuta, eguneroko bizitzari helduz gero, zoritxarra otzanduko dutela sinetsarazita. Guk estoizismoa egoztean, odolgabetasuna leporatzen diegula sentitu ahal du zenbaitek, eta beraz, kontua azaltzeko premia. Esaterako, Yuko Ichimura ilustradoreak Tokiotik idazten duen egunerokoan, desenkusatik hurbil dagoen argibidea: ez duela pertsona bakar bat ere ezagutzen, bihotz-bihotzez astindua sentitzen ez duenik, izugarrizko beldurra ez duenik, larritasun, aztoramen eta tristuran hondoratuta ez dagoenik. Kanporantz dirudiena edozer dela ere. Gehitzen du, berak ere frogatu ahal izan duela, zein ondo egiten dion ahal den neurrian ohiko errutinei eusteak.

Errutinek ospe txarra baina funtzio garrantzitsua dute: normaltasunaren froga dira. Eta gauzak okertzean, errutina horri eusten saiatzen zara zeure buruari sinetsarazteko inguruko kaosa ilusioa dela. Populazio osoa denean egunerokotasunekin jarraitzeko konpromisoa hartzen duena, katastrofea birtualki menderatu daiteke.

Guri lasaitasun estoiko iruditu zaiguna begirunetzat ere jo daiteke, oso espazio estuan elkarrekin bizi direnen teknika ezinbestekotzat. Hiri handietako beste ezaugarrietako bat da beldurraren erreprimitze kolektiboa. Tokio, San Frantzisko zein Istanbul, heriotzaren zain dauden hiriak, arrisku handia izan arren etengabe hazten ari diren hiriak dira.

Beti ere distantziatik, izu-ikara kolektiboaren ordez erreparatu dugun estoizismo, coolness edo baretasunak, mirespena sentitu arazi digu: harridura eta estimazioa, biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.