Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Estrosi eta Epikuro

2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Christian Estrosi, Frantziako errepublikanoen sona handiko agintari eta motozalea da. Kamioi batekin 84 pertsona hil eta 286 zauritu baino hilabete lehenago utzi zion Nizako alkate izateari.

2015eko urtarrilaren 19an Kouachi anaiek Parisko atentatuak egin zituztenean hauxe esan zuen Estrosik udal kontseiluaren aurrean: «[Nizak] 999 kamera dauzka, 343 biztanleko kamera bat. Parisen, ordea, 1.532 biztanleko kamera bat daukate. Ia konbentzituta nago Parisek gure [Nizako] sare bera izango balu, Kouachi anaiek ez zituztela hiru bidegurutze zeharkatuko neutralizatu eta atxilotu aurretik».

Estrosiren adierazpena luzeagoa izan zen, batasun nazionalaz hitz egin zuen, adibidez, denak batuta egon behar zirela garai zailen aurrean. Oso bestela mintzatu zen 2016ko uztailaren 14aren ostean: ardurak eskatu zituen, Frantzia gerran zegoela eta ez zeuzkala armak prest. Kamerez ez zuen hitz egin.

Estrosiren inkontinentzia irmoa gogorarazi didate Emilio Lledóren hitzok —Epikurori egiten dion sarreran (Filosofía para la felicidad, Errata Naturae)—: «Askatasuna, noski, pentsatu ahal izateko askatasuna da. Pentsatzeko askatasuna tradizionala da gaur egun, geure gizartearen kontu garrantzitsuenetako bat da eta horregatik, bada desegin beharreko esaera bat. Zeren pentsatzeko askatasun desiragarri horrek ez du zerikusirik nahi duguna esatea-rekin, baizik eta esaten duguna pentsatzea-rekin. Eta horretarako behar dugu geure burua ez dadila galbideratua egon formazio sektarioengatik, hainbat eskoletan gertatzen den bezala. Eskola horien misioa ez delako gizaki askeak formatzea, baizik eta ideologia baten idazkariak, erlijio baten fanatikoak sortzea».

Egia da, bere karrera politikoan publikoki Estrosik esan dituen barbarokeriekin, nahikoa duela aurrerantzean dituen urteetan gogoeta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.