Badute jeltzaleek pozteko arrazoirik ziur aski. Zuk aulkia, baina benetako boterea nirea da oraindik. Transferentzietatik haratago, beste gaian ere mugitzeko prestutasuna atera ei diote jeltzaleek Zapaterori, «baldintza egokiak baleude». Hauteskunde demokratikoak lehen bezain urrun daude. Lehendakaria eta Jaurlaritza espainola barregarri uztea du lorpen handiena ziur aski. PSOEk iragarri du negoziazioan euskal sozialistak ere egongo direla. Mahaiaren alde batean, Madrilgo Parlamentuko euskal taldea, eta bestean, euskaldunen aurrean Espainiako estatuaren interesen defentsan, euskal sozialistak. Gol polita hor ere EAJk.
Herritik abiatu, nagusiaren gazteluan dagokiguna eskuratu eta garaile itzuli etxera, ipuinetan ohi denez. Hemen gaude, beti bezain serio lanean, ametsetatik urrun eguneroko abertzaletasunean fin. Bilboalde honetan, EAJko botoen erdiak baino gehiago irteten diren eremuan, ondo saltzen da ipuin hori abertzale epelen artean. Ez ditut lorturiko tresna ekonomikoak gutxietsiko, horiek ere baliagarri dirateke nazio eraikuntzarako (paketean dauden Pasaiako portua, Urdaibaiko Guggenheim eta trena, utz ditzagun beste baterako). Baina berdin nahiko lituzke edozein agintari erregionalistak.
Hortik aurrera, zer? Negoziazioei ekiteko, Trebiñu eta Villaverde aipatu zituzten jeltzaleek; mapako zuloek bere horretan jarraituko dute. Ez nau ustekabean harrapatu, baina lurraldetasuna da nora iritsi garen ikusteko adierazle argiena. Azkenean euskal grafia onartuko dute Espainian, Bizkaia eta Gipuzkoarako. Aldaketa fonetiko txikiena zegoen lekuan, Alava-Araba izango da, zerikusirik ez Lleida, Girona edo Ourenserekin. Irribarre maltzurrez nabarmentzen dute jeltzaleek: PSEren utzikeriaren ondorioz, geuk lortu Euskadiri dagokiona, Bizkaia, Gipuzkoa, Alava-Araba... eta Navarra? Sabin-Etxeko mapako zati handiena negoziazioetatik kanpo? Ahaztura edo utzikeria, txarra eta txarragoa. Eta ez da izen kontua. Izana da larriena.
Eta Navarra?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu