Txakurra amorratuta dago, eta geroz eta arriskutsuago ari da bihurtzen. Zerbaiten seinale da, gauza pare batena bai, gutxienez: eroso zebilela estatua alde batetik, matxinada armatuari neurria hartuta eta haren kalteak politikoki neutralizatuta. Baina hortik aurrera, aski dugu iraileko bideari begiratzea: alde batek, izan ditzakeen eztabaida, tentsio eta ikuspegiak izanda ere, armarik gabe jarduteko borondatea ageri duelarik, beste aldeak ezetz diotso etengabe, ez duela bakerik nahi. Argi esanda, gerra nahi duela, eroso dagoela azken urteetako gerra moduan. Eta lehendabizi aipaturiko ondorioarekin batera, euskal gatazkaren jatorrizko indarkeria non dagoen ere agerian uzten du, eta ukazioan eta mehatxuan oinarritzen den indarkeria horrek behin eta berriz utzi du argi: «Estatua ez dago su-etenean». Are, amorratzen ari da, bestela egingo ez zituen operazio eta debekuak martxan jarrita.
Badakigu hau abiapuntua baino ez dela. Ilusioa ari da nagusitzen, eta manifestazioak hori biderkatu du. Milaka lagun batu ginen, historian gure aletxoa jartzeko. Batu gaitezela ere aldarrikatu zuten atzo goizean. Orain mozkorralditik itzartzeko unea da. Isilduko dira jatorrizko indarkeria horren aurka matxinatu ziren armak. Eta are ageriago geratuko da egoeraren gordina: milaka preso eta iheslari, herri ukatua, eta inoren borondatea inoiz errespetatu ez duen estatua. Espainiako kolonia guztiek indarrez lortu dute independentzia. Horretarako ere prest egon beharko da.
Lemoiz eta Itoitz, Boroa eta Leitzaran herri dinamika indartsuak sortu diren borrokak dira, eta badakigu non egon den aldea. Palentzia eta Burgosen arteko enklabeetan administrazio-arazo dena estatu-auzi da Trebiñun eta Villaverden. Espainiak guk baino argiago daki kontzesio bakoitza betiko galdu duen zerbait dela. Gure bidea ondo egiten ari gara. Baina txakurra gehiago amorratuko da, egon ziur. Eta noizbait aurre egin beharko zaio. Edo kanpoko lagunek behingoan lagundu. Kosovo, Kosovo...
Eta orain...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu