Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Etiketak

2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amama filmaz jardun dugu asteburuan eta baita astelehenean ere. Ez nator zine kritika egitera, ez da hori gaur nire intentzioa. Filma abiapuntutzat baino ez dut hartu nahi. Aretoetatik begiak bustita irten gara asko, pentsakor atera gara asko. Hurbilekoa delako, identifikatuta sentitu garelako batekin edo bestearekin, esaldiren bat esan edo entzun izan dugulako, edota zuzenean edo zeharka aipatzen dituen gaiak geureak ere badirelako. Horren adibide etiketen gaia dakart nik zutabe honetara. Txiki-txikitatik familiakoek, lagunek eta abar luze batek jarritako etiketek duten pisuaz, sortzen diguten zamaz,bidean jartzen dizkiguten trabez. Errepikapenaren poderioz nola irensten ditugun, nola sinesten dugun, nola egiten ditugun geure, nola txertatzen ditugun ohartu gabe geure nortasunean ere. Geu izan gurean, besteen gu izanez.

Filmean Xabi pertsonaiak dioen moduan oso gogorra da etengabe halakoa edo bestelakoa zarela entzun behar izatea. Bere kasuan etiketa negatiboaz ari da, baina etiketa positiboak ere sekulako zama dira. Besteek guregan dituzten espektatiben erruz etengabe maila eman beharra bihurtu daitekeelako norbere bizitzaren ardatz. Frustrazioa eragin dezake maila ez emateak eta beti besteei huts egiteko beldurrez bizitzea ekar lezake. Negatiboen kasuan nor garela erakusten ibili behar dugun moduan. Ez garela alferrak, ez garela lotsatiak, ez garela baldarrak… Badakigula… Gai garela... Lortuko dugula...

Lan nekeza da dudarik gabe horretaz guztiaz jabetu eta buelta ematea eta norbere bidea lantzeko gai izatea. Askok bizi izan dugu hori. Eta horregatik ere egin dugu negar asteburuan. Eta hala ere, gure haurrei, gure ikasleei, gure lagunei etiketak jartzen jarraitzen dugu. Hori bai, «maitasunez» egiten dugula diogu, horrek etiketaren pisua arinduko balu legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.